Europako ordurako berandu hasi zen lan afaria atzo Bruselan, eta, gainera, Europar Kontseiluan halakoetan ohikoa den baino sekretismo handiagoa izan zen jatorduan. Gaia delikatua zen: Txinarekiko merkataritza harremanak, eta handik datozen produktu oso lehiakorrak EBko hainbat industriatan eragiten ari diren kalteak.Â
Segur aski, Txinak egin dezakeenaz ere hitz egin zuten. Zenbait hedabideren arabera, Ursula Von der Leyenentzat bilerak neurria hartzeko balio izan zuen, neurtzeko blokeko herrialde bakoitza zenbateraino dagoen prest, edo moduan, Txinaren erantzun posibleei aurre egiteko.
Izan ere, kezka horixe da kezka nagusia: zein izan daitekeen Txinaren erantzuna EBk jarrera defentsiboagoa hartuz gero. Kalterik izango lukete Txinan ere ezarrita dauden Europako ekoizleek? Edo EBko esportazio jakin batzuek? Europako Batasunak Txinako ibilgailu elektrikoen inportazioak mugatzeko neurriak hartu zituenean, esaterako, Txinak muga zergak ezarri zizkion koñakari.
Gainera, Europako Batasuna Txinako lur arraroen, metal kritikoen eta txipen mende dago, eta horrek ere zaildu egiten du zorrotzago jokatzea hango inportazioekin. Lan afarian, Von der Leyenek azalpenak eman zizkien gobernuburuei, eta argitu zer mugimendu egiten ari den Brusela material horiek beste toki batzuetatik lortzeko.
Jarrera desberdinak
Industria babesteko neurri gehiago eta zorrotzagoak ezartzearen alde daude Frantzia, Italia, Herbehereak, Lituania eta Polonia. Aldiz, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak tonu adeitsuagoan hitz egin zuen Txinaz Bruselara iristean: «Lagunak behar ditugu, harreman orekatuak behar ditugu, pragmatikoak izan eta zubiak eraiki behar ditugu, bai ekonomia handiekin, bai Txinaren moduko aliatu posibleekin».
Ursula Von der Leyenentzat bilerak neurria hartzeko balio izan zuen, neurtzeko blokeko herrialde bakoitza zenbateraino dagoen prest, edo moduan, Txinaren erantzun posibleei aurre egiteko
Hala ere, oraingoz ez dago oso argi herrialde zenbaitek zer jarrera hartuko duten. Batez ere, ez da jakin zer esan zuen Friedrich Merzek, Alemaniako kantzilerrak. Dirudienez, ez dira erabat ados jarri Txinaren lehiari gogorrago erantzuten hasteari buruz, baina aukera hori baztertu ere ez da egin.Â
301 europarra
Afalostean hainbat iturrik azaldu dutenez, blokeko ekonomia eta merkataritza dibertsifikatzen jarraitu behar dela azpimarratzeaz gain, herrialdeek erabaki dute bi agindu ematea Europako Batzordeari. Batetik, Pekinekin hizketan jarraitzeko esan diote Von der Leyeni, EBren segurtasunaren eta ekonomiaren defentsan. Bide horretan, ekainean Bruselara joatekoa da Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa, Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioarekin biltzera. Bestetik, Kontseiluak merkataritza babesteko eta industria politikarako tresna kaxa zabalago bat diseinatzeko enkargua eman dio Batzordeari, EBk horiek prest izateko beharrezko baditu.
Batzordeak aztertu behar dituen neurrien artean dago AEBen 301 atal ezagunaren bertsio europarra. Harekin, ikerketa baten ostean, Europako Batasuna gai izango litzateke sektore osoetako Txinako inportazioei muga zergak ezartzeko, nahi beste denboran. Zenbait adituren ustez, zigor gisa erabiltzeko baino, EBk nahiago luke tresna hori aukera indartsu gisa erabili, Txinarekin negoziatzeko, alegia.
bESTE FRONTEA AEB-EKIN
Europako Batasunak badu beste fronte bat zabalik muga zergei dagokienez, nola ez, Donald Trumpen AEBekin.
Europako Parlamentuak oniritzia eman zion Turnberryko akordioari, nahiz eta desabantailak ekarri, baina badirudi horrek ez duela balio Etxe Zuriaren muga zerga gosea asetzeko, eta oraindik ere balitekeela AEBek halako zerga gehiago ezartzea.
Bart arratsean Jamieson Greer AEBetako Merkataritza ordezkariak jakinarazi zuen AEBek ikerketa abiatu dutela 1974ko Merkataritza Legearen 301 atala zabaldu ala ez erabakitzeko, «Alemaniak denbora luzez ez duelako nahikoa ordaindu sendagai eta farmazia produktu berritzaileetan».
Hain zuzen, Alemaniako Gobernuak moldaketa bat egin nahi du herrialdeko aseguru sisteman, besteak beste sendagaietan egiten den gastua murrizteko, eta proposamena aurrera doa Alemaniako Parlamentuan.
Greeren ustez, «Trump presidenteak argi utzi du eri estatubatuarrek ez luketela beren gain hartu behar sendagaien ikerketa eta garapen globalaren zati gehiegizko bat»
.