Euskal Herriko finantza erakundeen emaitzen dantza doinu apalarekin hasi da. Euskadiko Kutxak 51,4 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %8,9 gutxiago. Jaitsiera maileguen jaitsieragatik eta pasiboaren gerrak marjinetan ekarri duen estutzeagatik izan dela dio Mondragon taldeko kreditu kooperatibak.
Hedabideetara igorritako agirian, 2010erako kudeaketa planean finkatuta zeuden aurreikuspenak bete dituela nabarmendu du Euskadiko Kutxak. Finantza erakundeek susmoa bazuten urtea ez zela bereziki ona izango beraientzat, eta irabazien jaitsiera aurreikusi zuten. Galerarik, ordea, ez du inork eman.
Euskadiko Kutxaren kasuan, irabazien beherakada oso handia izan da. 2007an 185 milioi euro irabazi zituen (aurreko urtean baino %19,7 gehiago), 100,5 milioi 2008an (-%45), 56,5 milioi 2009an(-%43,8), eta 51,4 milioi iaz (-%8,9).
Bezeroei emandako maileguaren kopuruari nola hala eutsi dio Euskadiko Kutxak krisia hasi zenetik: 2008an 16.554 milioi zituen bezeroen esku, eta 16.417,3 milioi euro iaz. Familiei emandakoak gutxiago jaitsi dira (-%0,7) enpresei emandakoak baino (-%4,5).
Jaitsiera handia izan da interes marjinetan, %19,5 murriztu baitira, interes tasa txikien eta pasiboaren gerra direla eta. Bezeroei gordailuen truke interes handiak eskaintzeko lehia horretan sartu ez arren, gordailuei eutsi die.
Beste neurgailu batzuetan emaitza hobeak ditu Euskadiko Kutxak. Administrazio gastuak %2,4 gutxitu ditu eta %25,8 murriztu ditu aktiboen kalitatea hondatzeagatik izan dituen galerak eta egin behar izan dituen zuzkidurak. Berankortasun indizeari ere eutsi ahal izan dio: maileguen %3,17 ditu zalantzazkoak, (2009an, %2,9). Aktibo horien gaineko estaldura ratioa %82koa da orain (%72 2009an), kutxen sektorekoaren (%58) gainetik.
Kapital kontuetan ere Basilea IIIko eskakizunak aise betetzen ditu: %10,84ko core capital ratioa du —Basileak %10,5ekoa eskatuko du zortzi urte barru—. Likidezia aldetik ere «lasai egoteko modukoa» duela esan du Euskadiko Kutxak, gordailuek maileguen %85 estaltzen baititu —%71 dute kutxek eta %62—. Gainera, 2013aren amaiera arte ez du zorrik itzuli behar.
Euskadiko Kutxak 51,4 milioi irabazi ditu, %9 gutxiago
Interes txikiek eta pasiboaren gerrak marjinak estutu dizkio, eta berankortasuna kontrolatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu