Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egitea abiatu dute

Bi kreditu kooperatibak bat egiteko aukerez hitz egiten hasi dira, eta urtea bukatu baino lehen amaitu nahi dute elkartzeko prozesuaArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren finantza erakunde handiena izango da

Ipar Kutxaren eta Euskadiko Kutxaren ordezkaritzak, Bilbon. R. BOGAJO / ARP.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kreditu kooperatibak ere mugitzen ari dira: Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egiteko elkarrizketak hasi dituzte, urte amaierarako elkartzeko. «Elkar ezagutzen» hasi direla esan zuen, modu poetikoan, Ipar Kutxako ordezkari batek atzo. Ez da bazkide edo kapital premiak bultzatutako bat egiteko asmoa; bai, ordea, sektoreko lehiakideak gero eta handiagoak eta gero eta lehiakorragoak izateak bizkortutakoa. Bien tamaina eta indarra ikusita, praktikan, Euskadiko Kutxak bereganatu egingo du Ipar Kutxa. Euskadiko Kutxa Ipar Kutxaren halako bost da, aktiboen arabera.

Helburua «banka egiteko beste modu bat» indartzea dela esan dute bi kreditu kooperatibek, «herriari errotuta» eta «gizarte konpromisoa» duena. Bankarizazioaren alternatiba izan nahi dute Euskadiko Kutxak —Mondragon taldearen finantza adarra da— eta Ipar Kutxak. «Erakunde osagarriak gara, eta antzeko filosofia daukagu», esan zuen Jose Mari Aldekoa Mondragon taldeko presidenteak, Indian. «Operazioak abantaila asko ditu, eta, printzipioz, aitzakiarik ez».

Bat egitea lortzen badute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren finantza erakundea izango dira, Kutxabanken atzetik. 25.000 milioi euro izango dituzte aktiboetan, ia 1.400.000 bezero (860.000 Hego Euskal Herrian), 451 bulego, 2.500 langile eta oinarrizko kapital eta berankortasun tasa osasuntsuak. Aise gainditzen dituzte Espainiak eta Basilea IIIk eskatutako oinarrizko kapitalak, %8 eta %10,5 (2019erako) hurrenez hurren.

Iaz 30 milioi euro irabazi zituzten bien artean. Irabaziek jaitsiera nabarmenak izan zituzten. Euskadiko Kutxak 19,4 milioi euro irabazi zituen, 2010ean baino %62 gutxiago. 222 milioi euro bideratu zituen funts horniduretara, balizko arriskuei aurre egiteko eta Espainiako Gobernuak ezarritako kapital premiak lehenbailehen betetzeko. Gainera, Euskadiko Kutxak 65 milioi euro gastatu zituen iaz Lagun Aro eskuratzeko. Ipar Kutxak, berriz, 10,93 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, 2010ean baino %18,2 gutxiago.

Euskal Herriko finantza erakundeen antolaketa goitik behera aldatu da urte gutxian: Nafarroako Kutxa Banca Civican sartu da; BBK-k, Kutxak eta Vitalek Kutxabank sortu dute; eta Sabadellek Guipuzcoano bereganatu du. Mugimenduak, gainera, ez dira amaitu: alde batetik, Banca Civicak bazkide (Ibercaja) edo erosle bat (Caixabank, Kutxabank) behar du, kapital premia berriak betetzeko; beste alde batetik, Kutxabankek ez du baztertu finantza erakunderen bat bereganatzea. Kreditu kooperatibek abiatu dituzte bat egiteko prozesuak, baina orain arte ez dute aurrera egin.

Xabier Egibar Euskadiko Kutxako zuzendariordeak, iazko abenduan, ukatu egin zuen beste finantza erakunderen batekin bat egingo zutenik. Bakarrik jarraitzeko apustua zuritzeko aipatu zituen ondo zeudela finantza aldagai nagusietan, eta eredu propioa zutela. Hiru hilabete geroago, Ipar Kutxarekin bat egiteko elkarrizketak hasi dituzte.

Bankoarekin, kale

Ipar Kutxaren kasua ezberdina da. «Sistema osoa egokitzen ari da, eta ezin dugu irla bat izan», esan zion Carlos Oses zuzendariak BERRIAri iazko apirilean. Orduan jada onartu zuen bat egiteko aukerak aztertzen ari zirela kreditu kooperatiben eta rural kutxen artean. Betiere bermatuta bat eginda Ipar Kutxaren proiektuak aurrera jarraituko zuela.

Ipar Kutxak aurrena Espainiako rural kutxa batzuekin bateratze hotza egitea planteatu zuen (Solventia), baina proiektua baztertu egin zuen. Gero Bankoarekin bat egiten saiatu zen, iaz. Aurreakordioa ere lortu zuen maiatzean; urrian, ordea, Credite Agricolek —Bankoaren jabea—, prozesua bertan behera utzi zuen. «Estrategikoak ez ziren proiektuak» baztertzea erabaki zuen, finantza merkatuetan dirua lortzeko zituen zailtasunek bultzatuta.

Kreditu kooperatibak bazkideenak dira. Bat eginda, parekatu egingo dituzte bi erakundeetako bazkideen eskubideak eta betebeharrak. Euskadiko Kutxako langile gehienak bazkideak dira; Ipar Kutxakoak ez. Hala ere, Ipar Kutxako langileei erraztu egingo diete erakunde berriko bazkide izatea, «lanpostuak eta baldintzak bermatuz».

Ez da erraza izango: Ipar Kutxak batez ere Araban eta Bizkaian dauzka bulegoak, eta Euskadiko Kutxak ere bulego asko dauzka bi probintzia horietan. Beraz, zenbait bulego itxi eta langileak kaleratu beharko ditu. Finantza erakundeek bat egiteetan egin ohi duten moduan, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak esan dute proiektu berriak «doikuntza neurriren bat behar izatekotan», «borondate onez» eta «adostasunen bitartez» kudeatuko dutela. «Dinamizazio planak» bultzatuko dituzte kasu horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.