Kontu publikoak

Euskal administrazioek 1.700 milioi euro murriztu dute zorpetzea ekainetik abendura

Pilatutako zorrak goia jo zuen urteko bigarren hiruhilekoan, baina hortik aurrera beherakada aipagarria izan du, Espainiako Bankuak emandako datuen arabera.

Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 28a
11:53
Entzun

2017. urteko amaieran, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek 18.669 milioi euroko zor publikoa pilatuta zuten. Hau da, 6.654 euro Hego Euskal Herriko biztanle bakoitzeko. Horri gehitu behar zaie Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan dauden enpresa publikoena: beste 193 milioi euro.

Aurreko urteko itxierarekin alderatuta, igoera arina du Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren zorpetzeak. 191 milioi euro eta 167 milioi euro gehiago dira, hurrenez hurren. Aldundien kasuan, 212 milioi gutxiago dira urte batetik bestera.

Urtearen joanean joera aldatu da, hala ere. Urkulluren gobernuaren zorpetzeak goia jo zuen ekainean —10.791 milioi—, baina urteko bigarren erdian 642 milioi euro murriztu da. Jaurlaritzak zorpetzea arintzeko baliatu du Espainiako Gobernuarekin hitzartutako kupoaren akordiotik lortutako diruaren parte esanguratsu bat. Zorpetzearen zama ere gutxitu da: BPGaren %15,4tik %14,1era jaitsi da.

Nafarroak antzeko bidea egin du. Udatik aurrera, zorpetze gordina 139 milioi euro jaitsi du. BPGan zorrak duen zama ere puntu bat murriztu du: %19,3tik %18,3ra.

Jaitsierarik adierazgarriena aldundiei egoitzako zorrak izan du. Urte batetik bestera ia ez du aldaketarik, baina ekainetik abendura bitartean ia mila milioi euro murriztu da kopuru orokorra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.