Arazoa txikia da oraingoz, baina, ereduari dagokionez, Euskal Herriak ez ditu hain urruti nitrogenoaren kalteak. Abeltzaintzaren nitrogeno emisioak nabarmen gutxiago dira Euskal Herrian Herbehereetan, Belgikan eta Irlandan baino, baina hemen ere modelo intentsiboa gero eta indar handiagoa hartzen ari da, batez ere Nafarroan. Eredu intentsiboak gailentzen diren eremuak nitrogenoarekiko kaltebera izendatu dituzte, eta, hortaz, bertan ezin da 170 kilogramo nitrogeno baino gehiago isuri urtean.
Abereen pixak eta gorotzak nitrogeno ugari isurtzen dute, eta, hortaz, abere asko pilatzen diren tokiak izendatu dituzte eremu kaltebera, ura kutsatzeko arriskuagatik. «Eremu kaltebera horiek zabaldu eta zabaldu ari dira. Zergatik? Toki horietan kontzentratzen direlako hainbat etxalde intentsibo, bai txerrienak eta bai oiloenak», azaldu du Patxiku Irisarrik, Nafarroako EHNEko idazkariak.
Gaineratu du azaleko eta lur azpiko uraren kalitatea aztertzen dela eremua kaltebera den ala ez erabakitzeko, eta parametro horiek zorroztu egin dituzte orain. «Nafarroan, 99.000 hektarea kaltebera zeuden lehen; orain, 245.000 dira. Baina horrek ez du erran nahi arazorik ez dagoenik». Nafarroan, Izarbeibarko, Erdialdeko eta Erriberako zenbait tokitan daude eremu kalteberak. Araban, bi daude: Gasteiz eta Agurain artekoa, eta Forondako aireportuaren ingurua.
Irisarrik ohartarazi du hemengo eredua ez dela apartekoa: «Nafarroako txerrien eta oiloen sektore ia osoa bi pentsu markaren menpe dago. Etxaldeen jabeak nekazariak dira, baina, azken finean, peoiak dira horiek: pentsu fabrika handien peoiak. Ikusten ari gara ereduak berak nola bideratzen gaituen molde intentsibora».
Gutxi dira Euskal Herrian txerriak era estentsiboan hazten dituzten nekazariak, baina eredu horren alde egin du Nafarroako EHNEko idazkariak. Aldi berean, aitortu du nekazariek dena dutela kontra eredu estentsiboaren alde egiteko: «Txerri izurri afrikarra pil-pilean dago, basurdeak ere ugaritu egin dira, eta gero eta arrisku gehiago daude». Modelo intentsiboan bestelakoa da arazoa: abere ugarik simaur kantitate handiak botatzen dituzte, eta horrek berekin dakar eremu bakarrean nitrogeno kantitate handiak isurtzea.
Biometanizazio plantak
Arazo horri aurre egiteko bada irtenbide bat: biometanizazio instalazioak. Horietan, simaurra eta etxaldeetako beste hondakinak lehengai gisa erabiltzen dituzte, gasa ateratzeko. Modelo intentsiboan aritzen diren abeltzain askok horretara bideratzen dute abereen simaurra.

Sustrai Erakuntza fundazioaren txosten baten arabera, Nafarroan lau biometanizazio planta pribatu daude martxan jada, eta beste hamabost proiektu tramitatzen ari dira. Nafarroan sortzen den hondakin kantitatea kontuan izanik gehiegi direla diote, eta kezka eragiten die hondakinak kanpotik inportatzeko aukerak. Bizilagunak eta nekazari txikiak proiektu horien kontra agertu dira Nafarroako zenbait herritan.
«Sistema kapitalista eta intentsibo honetako beste irteera halako bat dira biometanizazio plantak, eredu hori aurrera bultzatzen jarraitzeko»
PATXIKU IRISARRI Nafarroako EHNEko idazkaria
Irisarriren arabera, biometanizazio plantak «onddoak bezala» sortzen ari dira Nafarroan. Eredu intentsiboaren aldeko beste estrategia bat dela nabarmendu du, eta, hortaz, kalte egiten diola eredu estentsiboari: «Sistema kapitalista eta intentsibo honetako beste irteera halako bat dira biometanizazio plantak, eredu hori aurrera bultzatzen jarraitzeko», salatu du.