Euskal arrantzaleek bizi duten egoera «lazgarria» salatzeko, sektorearen azterketa egin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu sindikatuak datorren asterako. Astelehenetik aurrera, Ondarroan (Bizkaia), txandakako baraualdiak eta hitzaldiak egingo dituzte arrantzaleen kofradia zaharrean. Horrez gain, hilaren 19an, ostiralean, manifestazioa egingo dute Ondarroako portuan, 13:00etatik aurrera.
Ekitaldien berri emateko prentsa agerraldia egin zuen atzo Almirallek, Carlos Guinea LABeko itsas garraioko ordezkariarekin eta Jose Luis Gallastegi sindikatuko arrantza sektoreko arduradunarekin batera. Hirurek nabarmendu zuten sektorearen etorkizuna «kolokan» dagoela eta Euskal Herriak arrantza politika propioa behar duela.
Europako politika
Arrantzari sektore estrategikoa deritzo LABek, «nazio eraikuntzarako» elementu izateaz gain, sukaldaritzarako eta elikagaien subiranotasunerako garrantzitsua delako. Europako Batzordean adostutako politikak, alabaina, euskal arrantza kaltetzen duela gogorarazi zuten, «arrantzari dagokionez, inoiz ez zaigu albiste onik heltzen Europatik».
Gallastegik azaldu zuenez, Bruselan aurrera eraman nahi duten politikarekin, Euskal Herriko ontzidia %50ean baino gehiago murriztu beharko litzateke. Haren ustez, arrantza «iraunkor eta arduratsu baten aldeko premiazko neurriak hartu ezean, Euskal Herriko kai guztiak kirol portu bilakatuko dituzte».
Euskal ontzidian eta arrantzari lotutako lanpostuetan azken hogei urtean galdutakoaren berri eman zuen Guineak. 1989an Ondarroan ziren itsas zabaleko 86 ontzietatik 34 baino ez dira gaur egun gelditzen. Horietan, 1.304 arrantzalek egiten zuten lan orduan, eta 440 besterik ez dira ari orain lanean. Pasaian ere jaitsiera nabarmena egon da epe berean, 30 ontzitik sei baino ez dira gelditzen, eta 372 lanpostu izatetik 70 arrantzale izatera igaro dira.
Baxurako arrantzan ere galera handiak izan dira. Azken bi hamarkadetan 750 ontzi baino gehiago galdu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan. Lanpostuei dagokienez, 1989. urtean baino 7.000 arrantzale gutxiago daude orain.
Lan baldintzak
Arrantzaleek dituzten lan baldintzak ere aztertu zituzten atzo. Itsas zabaleko arrantzan aritzen direnek baino ez dute lan ituna, «baina berritu gabe dago». Baxurakoek dituzte, ordea, baldintza txarrenak: «Ez dute hitzarmenik, harrapakinak lortzen badituzte bakarrik kobratzen dute». Egoerak, hartara, belaunaldi berrien txandakatzea eragozten duela deitoratu zuten LABekoek.
Sektoreko arazoen eztabaidan sartu nahi ez izatea leporatu zioten, azkenik, Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzari.