Enpresak

Euskal Herriko proiektuek 236 milioi jasoko dituzte auto elektrikoen planetik

Espainiako Gobernuak bikoiztu egin du Volkswageni emandakoa, alemaniarrek Sagunt hirian bateria elektrikoen fabrika ez jartzeko mehatxua egin ondoren

Euskal Herrian, Mercedesek jasoko du diru gehien. L. RICO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 25a
15:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Volkswagen taldearen presiopean, Espainiako Gobernuak ia 300 milioi euro gehiago jarri ditu mugikortasun elektrikoa sustatzeko sortutako ESEPE proiektu estrategikoan. Nola ez, Alemaniako multinazionalak eskuratuko du diru gehigarri horren zatirik handiena (200 milioi gehiago), baina onura atera dute Euskal Herriko proiektuek ere: abuztuan esan baino hogei milioi euro gehiago jasoko dituzte, 236 milioi guztira.

Europako Next Generation funtsek elikatzen dituzte ESEPE proiektu estrategikoak. Gaur Espainiako Gobernuak onartutakoaren helburua da auto elektrikoen eta beste ibilgailu elektrikoen inguruko industria sortzea eta garatzea. Euskal Herrikoen kasuan, furgonetak, ibilgailu militarrak, profesionalak eta autobusak finantzatuko dituzte.

Guztira, Espainiako Gobernuaren asmoa da EBren funtsetatik 2.975 milioi euro bideratzea ibilgailu elektrikoen garapenera. Atzo onartutakoa lehen deialdi bat da, aurki abiatzeko prest dauden proiektuekin. Beste bat egin nahi du, baina horretarako epeak luzatzeko baimena eskatu behar dio Europako Batzordeari.

Lehen deialdian 877,2 milioi euro banatuko ditu, hamar proiekturen artean. Industria Ministerioaren asmoa da lehen dirua urtea amaitu aurretik iristea enpresetara; zati bat laguntza zuzenak izango dira, eta bestea, interesik gabeko maileguak.

Volkswagen taldearentzat izango dira 397,37 milioi euro, abuztuan iragarritako 167,3 milioi euroak baino %137 gehiago. Diru horrekin finantzatuko dute Sagunten (Valentzia) eraiki nahi duen bateria elektrikoen fabrika. Lantegi horretatik hornitu nahi ditu Iruñeko lantegia eta Martorellgoa (Katalunia). VWek esan du 3.000 milioi euro inbertituko dituztela proiektu horretan, eta horietatik mila milioi laguntza publikoak izatea nahi zuen. Lehen kopurua oso urrun geratu zela ikusita, joan den astean atzera egiteko mehatxua egin zuen multinazionalak, eta berehala diru gehiago jarriko zutela esanez erantzun zion Reyes Maroto Industria ministroak.

Diru gehiago Euskal Herrira

Banaketa berri horretan hogei milioi gehiago eskuratuko dituzte Euskal Herriko lau proiektuek, 236,2 milioiraino. Erdia baino gehiago Mercedesek patrikaratuko du, Gasteizko bere lantegia furgoneta elektrikoak eraikitzeko egin behar dituen egokitzapenak finantzatzeko: 170,4 milioi izango dira, abuztuan iragarritakoa baino 11,1 milioi gehiago. 1.200 milioi euroren inbertsioa agindu du Alemaniako autogileak Arabako hiriburuan, eta promesa horrekin lortu du sindikatuen gehiengoarekin lan ituna berritzea.

Andoaingo SAPAk 32,86 milioi euro eskuratuko ditu (+7,7 milioi). Aperribai familiaren armagintza enpresak 54,2 milioi euroren inbertsioa egin nahi du ibilgailu elektriko arin bat egiteko.

Irizarrek, berriz, dirua eskatu du bere autobus elektrikoentzat bateriak eraikitzeko fabrika baterako. 54,9 milioi euroren proiektua da, eta 24,18 milioi jasoko ditu ESEPEaren bitartez (+0,16).

Gipuzkoako beste enpresa batek, Fagor Electronicak, 8,78 milioi (+1,7 milioi) jasoko ditu. 12,8 milioi euroren proiektu bat da ibilgailu industrial bat eraikitzeko.

Beste autogileak, zain

Euskal Herritik at, VWen proiektua alde batera utzita, diru gehien Hub Tech Factory proiektuak jasoko du (107,8 milioi), Nissanek Bartzelonan zuen auto lantegiaren lurretan deskarbonizazio hub bat sortzeko egitasmoak.

Stellantis taldeak 77,4 milioi euro jasoko ditu Opelen eta Peugeoten elektrifikazio proiektuetarako, eta 40 milioi patrikaratuko ditu Renaultek, baina espero da autogile horiek eta Fordek diru gehiago lortu ahal izango dutela hurrengo deialdian.

Oraingoz dirurik gabe geratu da Txinako Envisionek Extremaduran eraiki nahi zuen gigafaktoria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.