Legegintzaldiko lehen erdian maldan gora aritzea egokitu zaio Arantza Tapiari (Astigarraga, 1963). Industriarentzat ez dira urte onak izan, oro har, baina krisiaren lurrikarak ekarri du «eraldatzea azkartzea». Aurrerantzean euskal enpresak abiadura azkartuz joango direlakoan da Tapia. Fagor Etxetresnak, Epsilon eta Hiriko auziak, lan harremanen harira sindikatu abertzaleekin izan dituen ika-mikak, Gipuzkoako enpresarien ustezko ihesa... Izkin egin gabe erantzun die galderei sailburuak. Zumaian, bere bizilekuan hartu du BERRIA Joxe Mari Korta enpresaburua ETAk hil zueneko 14. urteurreneko ekitaldira abiatu aurretik (herenegun).
Fagor Etxetresnen foiletoia bukatzeko bidean da. Konforme zaude prozesuarekin?
Ikusita likidazio prozesu batera iritsi zela eta ez zela atzera bueltarik, pozik gaude prozesu horrek eman duen emaitzarekin enpleguari begira. Egia da, ez dela beteko hartzekodunen zorra estaltzeko dirua sortzeko helburua, baina langile askori etorkizun bat ematea garrantzitsua da oso. Gainera, prozesuan aldi beroak egon dira, saltsa handiak, eta, azkenean, Aste Santu inguruan egon zen krisi txiki horren ondoren, nahiko azkar joan da prozesua.
Frantziako markak Cevitali saltzea ezinbestekoa zen aurrena, eta Malagon epaileak ez zuen baimenik eman hasieran. Lokarri hori askatu zen azkenean; zerikusirik bai horrekin?
Buru-belarri aritu ginen Sailean, eta Iñigo Urkullu lehendakaria bera ere bai. Bilerak noiznahi egin ziren ministroekin, enbaxadoreekin, eta telefono deiak etengabe, jakinda salmenta hori egin behar zela, gero hemen konkurtsoak aukera izan zezan, bai baikenekien Cevital eta CNA bazetozela. Sukalde lan galanta egin behar izan zen Espainiako Estatuko abokatuaren helegitearen harira sortutako egoera gainditzeko. Hori guztia pasatu da, eta garrantzitsuena da enplegua sortzeko konpromisoa dagoela orain.
Jaurlaritzak ba al du tresnarik ziurtatzeko 700 enplegu baino gehiago sortuko direla Catak agindu bezala?
Ezin dugu jarraipen zehatzik egin. Ahal dugun guztian lagunduko dugu, beste edozein enpresarekin egiten bezala; prozesua babestuko dugu lanpostuok sor daitezen.
Edesako bazkideak ez daude lasai, Catak ez omen dielako modu argian eman bere planen berri. Kezkatzeko arrazoirik ba al dute?
Asko hitz egiten da Edesari buruz hedabideetan sarritan atera direlako, baina Basauriko langileen kopurua Fagor Etxetresnen barruan lanik gabe geratu diren langile kopuru askoz handiago baten barruan dago. Catak bere borondatea adierazi du termoak ekoizteko, agian ez Basaurin, baina badira han egiten ziren negozioaren produktuak. CNAk egosketari eman diola lehentasuna, ordea, Garagartzari, eta gero Eskoriatzari, etxetresna txikiei. Alegia, enplegua ez da dena batera sortuko, zabaltzen diren ekoizpen unitateen arabera baizik.
Prozesuaren zenbait fasetan tentsio handia egon dela ezin da ukatu. Zer moduzkoa da Mondragon taldearekiko harremana?
Logikoa da horrelako prozesu mingarri batean tentsioa egotea, baina harreman hori ez da eten; konfiantza badago, eta jarraitzen dugu haiekin harremanetan. Ez dago inongo arazorik: harreman sendoa dugu eta egunerokoa.
Garaiz hartu ez ziren erabakien karietara, gobernantza sistema aldatu behar zela esan zenuen behin. Kooperatiben ereduaren aurkako hitzak ziren?
Inondik inora ez. Ereduaren eztabaida mahai gainean jarri da, baina eredua ez dago inolaz ere zalantzan. 'Kooperatiba versus beste eredu bat' eztabaidak ez du zentzurik. Euskal kooperatibismoak erakutsi du badakiela gauzak ondo egiten, enpresa batzuk oso onak dira, eta besteak ez; Fagor Etxetresnak pikutara joan zen, baina gauza bera gerta daiteke beste eredu batekin.
Zer diozu euskal kooperatiben gobernantza sistemaz?
Ez dut uste txarra denik, baina bai zerbait aldatu behar dela, XXI. mendera egokitu behar dela. Behar denean erabaki azkarrak hartzeko mekanismoak behar dira; ez alferrik mundu globalizatu batean gaude. Dagoenak balio du agian eguneroko jardueran aritzeko, baina Fagor Etxetresnetara iritsi zenari aurre egiteko beste zerbait behar da. Eredua ez dago zalantzan, baina egokitu egin behar da. Mondragonen ere hausnarketa horretan zeuden hau etorri zenean; Txema Gisasolak buruzagitza hartu zuenean, besteak beste, lan hori egiteko izan zen.
Zer gertatzen ari zaio euskal industriari. Hilabete batean ematen du suspertu dela, eta bestean atzera egiten du. Non gaude?
Suspertzen ari gara, baina oso modu ahulean. Eskaerak sartzen dira igual hilabete batean, eta baikor azaltzen gara, eta hurrenean berriz, ez hainbeste. Joera positiboa da, ordea. Frantzia eta Italia oso ahul dabiltza orain, eta horrek eragin handia dauka gure esportazioetan. Txina eta India, ordea, pixka bat suspertzen ari dira.
Krisiaren lezioa ikasi du euskal enpresak? Egin du nazioartekotzearen etxeko lana?
Horrek desberdinduko ditu enpresa batzuek eta besteak aurrerantzean. Krisi honetatik ez gara aterako industria sektore berarekin; erabat aldatuko da. Produktuak ekoizten genituen lehen, eta orain prozesu orokorrak saldu behar ditugu. Enpresa bakar batek ez, baizik enpresa kate batek joan behar du prozesu oso bat eskaintzera; horrek ekarriko du enpresen arteko komunikazioa ere berritzea. Aldaketa handi bat iritsi da, eta gure enpresak hori guztia xurgatu behar du, edo desagertzeko bidean jarriko da.
Prozesu horren zein fasetan daude euskal enpresak?
Erdibidean. Batzuek egin dute, eta, nola diharduten begiratuta,nahikoa da jakiteko eraldatu direla. Beste batzuk sufritzen ari dira; horiek ez dira eraldatu.
Negozioaren fakturazioaren nazioartekotze mailari begiratu behar diogu orduan, batzuk eta besteak bereizteko?
Maila handi batean, bai.
Baina enpresa batzuek, bere neurri txikiarengatik, ez dute aukera handirik nazioartekotzeko.
Enpresa handiek trakzio lana egin behar dute txikiagoak haiekin batera eramateko, demagun Brasilera edo Txinara, hornitzaile gisa. Ontzigintza eta energia sektorean, elkarrekin ari dira lanean jada proiektu berrietara joateko. Eredu hori zabaldu behar da.
Zer moduz doa Basque Country estrategia?
Ondo sartu da merkatuetan; adibidez, lehen sektoreko produktuekin eta turismoan. Marka gisa, oso ondo funtzionatzen ari da kontuan izanda soilik urtebete duela. Industria eta teknologiasektoreak eskatzen ari ziren euskal marka bat. Kanpora saltzera joatean, askok euskal nortasuna adierazteko estrategia propioa sortua zuten. Orain, zehaztu egin da hori dena, elkarrekin joateko.
Industriari itxaron gabe haz daiteke?
Gure apustua industriaren aldekoa da argi eta garbi. Gertatu den guztiak erakutsi du herri batek funtzionatzen badu industriari esker dela. Europa ere konturatu da; pentsa, 2020rako BPGaren %20 industria izatea jarri du helburu gisa. Gu, egoerarik txarrenean, %24an gaude. Japonia eta AEBak ere ekonomia produktiboa erakartzen eta sustatzen hasi dira. Espainiako Estatuan ikusi dugu zer gertatzen den industria ahula denean eta, batez ere, zerbitzu eta turismoaren aldeko apustua egiten denean. Beraz, industria nahitaez behar dugu, berritua eta egokitua, baina industria. Berrikuntza etengabekoa da, mundua mugitzen ari da, eta Euskadik mugitu egin behar du.
Ez du ematen mesedegarria enpresak dituen erronkei aurre egiteko lan harremanetan inoizko girorik garratzena egotea. Espainiak bidalitako lan erreformaren zezena ez da toreatzerik izango legegintzaldi honetan?
Ez da sekula etsi behar; orain arte,ez dugu aurkitu biderik aurkitu, baina jarraitu behar dugu. Aburto sailburua buru-belarri dabil horretan, eta ez dugu amore emango, lehiakortasuna ere jokoan dagoelako. Guztion intereserako da gainera, enpresa ondo badoa langileak ere hobeto egongo dira eta. Enpresak dirua irabazi behar du, etekina atera, ez delako gobernuz kanpoko erakundea, baina lan baldintza egokiei uko egin gabe; bata ez da bestearen aurkakoa.
Urkulluk, ultraaktibitatearen amaieraren aurreko egunetan, iaz egindako saioaren bidetik ezin du gutxieneko zoru bat jarri Madrili erantzuteko?
Akordioak badirela ikusten ari gara orain ere. Beraz, leku batzuetan adostasunerako gaitasuna bada, nik uste dut posible dela bideak topatzea. Oro har posizioak gogorrak direla? Bai, baina seguru nago modua aurkitu daitekeela. Egoera hobetzen den heinean,posizioak malgutuko dira agian. Elkarren arteko konfiantzarik gabe, ordea, ez dago zer eginik. Gardentasuna eta konfiantza dira oinarriak, eta hor kultura aldaketa bat behar dugu.
ELAk eta LABek diote Jaurlaritza ez dela neutrala, enpresaburuengana lerratu dela, eta zu jarri zaituzte horren adibide, Adegiren ekitaldietan ikusi eta gero.
Bakoitzak bere estrategia dauka; ez dakit zilegi den salaketa horiek egitea, baina nik argi daukat enpresariekin egon behar dudala, merkataritzan eta lehen sektorean aritzen direnekin bezala. Horrek ez du esan nahi Jaurlaritzak lan harremanak baztertuta dauzkanik, Aburto sailburua oso gainean baitago. Agian enpresariek Aburtori esan diezaiokete 'zu sindikatuekin zaude'.
Epsiloni eta Hiriko-ri buruzko batzordeen ondorioen harira zure dimisioa eskatu du EH Bilduk. Alderdikeria baino ez?
Batzordearen txostena alde bakarrekoa da erabat. Hori horrela da, eta guk bukatutzat jo dugu. Epsilon eta Hiriko-ren jabetzak eta jakituria hor daude, eta enpresa bat baino gehiago dago interesatua haietan. Ikerketa proiektuak izan ziren biak, eta ikerketa guztiak ez dira nahi bezala ateratzen; batzuen emaitza da 'hau ez da bidea', eta hori ere emaitza bat da. Batzuetan, bidea zabalik egoten da, eta beste batzuetan, pareta bat. Hori ere ikerketa da, baina hemen ez da ezer galdu, ez patenteak, ez jabetza, eta ez jakituria.
Enpresariak badoaz Gipuzkoatik? Diputazioak Kaiman uharteak ere atera zizkizun baieztapen horri erantzuteko.
Ez dut sekula inor deitu zergak ez ordaintzera. Hori faltsua da. Herri hau bizi da zergei esker; kontzertuan eta estatutuaren oinarrian dago zerga sistema. Nire adierazpenetan hori ikusi nahi duenaedo itsu dago edo beste zerbaiterako baliatu nahi du. Beste kontu bat da enpresariek herri erakargarri bat behar dutela, jarduera sortzeko sistema egokia behar delako. Zerga estrategia beste tresna bat da helburu hori lortzeko.
14 urte ETAk Korta hil zuela. Indarkeria desagertzean ekonomiak gora egingo zuela esaten zuten batzuek.
Hala da, Ibarretxe lehendakariak esaten zuen indarkeria desagertzean herri hau gora aterako zela suziri baten moduan. Krisiarekin egin dugu topo, baina jabetu behar dugu indarkeria bukatu dela eta hori baliatu behar dela.
Arantza Tapia. Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua
«Euskal kooperatiben eredua XXI. mendera egokitu behar da»
Tapiak dio krisiaren ondotik industria sektorea «erabat» aldatzen ari dela; ohartarazi du eraldatze horretara egokitzen ez dena «desagertzeko bidean» dagoela, eta nabarmendu nazioartekotu beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu