Hiruek ala hiruek ziurtatu dute ez dutela likidezia arazorik, baina, hala ere, BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak parte hartu dute Espainiako Altxor Publikoaren funtsen lehen enkantean. Guztira 229 milioi euroko aktiboak utzi dizkiote kutxek Altxorrari, eta trukean diru freskoa jaso dute: 134 milioi BBK-k, 50 milioi Kutxak eta 45 milioi Vital Kutxak.
Euskadiko Kutxak ez du enkantean parte hartu, eta iragari du hurrengoetan ere ez duela egingo, likidezia arazorik ez duelako bere eguneroko beharrei aurre egiteko.
Finantza erakundeei kalitatezko aktiboak erosi eta bide batez likidezia bermatzeko, Espainiako Gobernuak urrian iragarritako 50.000 milioi euroko funtsa erabiltzen hasi da Altxor Publikoa. Horietatik 5.000 milioi aktiboen erosketan gastatuko ditu. Atzoko enkantean 28 finantza erakundek parte hartu zuten, eta 4.562 milioi euroko eskaintza egin. Altxor Publikoaren menpeko FAAF funtsak bi urteko epe muga duten eta rating agentziek AA balioespena «edo antzekoa» eman dieten aktiboak erosi dizkiete 23 erakunderi, 2.115 milioi euroren truke.
BBK-k adierazi zuenez, enkantean parte hartu dute eskainitako %3,3ko interes tasa «oso interesgarria» delako, eta bi urteko epean itzuli dezakeenez, ez duelako epe motzeko merkatuetan parte hartu beharko -interesa handiagoa izan ohi da horietan-. Kutxak 50 milioi euroko bi aktibo multzo eskaini ditu, baina bakarra onartu diote. Kasu honetan ere, interesa «Euriborraren parekoa» zelako egin du. Antzeko azalpenak eman ditu Vital Kutxak ere, eta azaldu du egunero 200 milioi euro uzten dituela bankuen arteko merkatuaren esku.
Espainiako Gobernuak ez du jakinarazi zein erakundek hartu duten parte enkantean, hala aitortu dutenek arazoak izan zitzaketelakoan. Agian, horregatik aditu batzuek ziurtatu dute erakunde gutxik hartu dutela parte.Aurelio Martinez ICOko presidentearen arabera, «albiste txarra da» 23 erakunderen eskaintzak onartzea soilik: «Likidezia arazoa zegoela ikusita, arrazoizkoa dirudi pentsatzea erakunde gehiago aurkeztuko zirela».
Euskal kutxek 229 milioi euro eskuratu dituzte Altxorretik
Likidezia arazorik ez dutela esan arren, funts publikoaren lehen enkantean parte hartu dute kutxetako hiruk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu