Udako merkealdia uztailaren 1etik hilaren 28ra aurreratzeko eskatu diote Euskaldendak EAEko dendarien konfederazioko ordezkariek Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari, «lehiakortasuna hobetzeko» eta oporren hasierarekin bat ez etortzeko. Merkealdia hasteko eguna igandea da aurten, eta horren kaltetan, ekainaren 29tik aurrera jendea oporretara joaten hasiko dela uste du Euskaldendak elkarteak. Gaur aurkeztuko diote merkealdia aurreratzeko proposamena Jaurlaritzari.
Bilbon egin zuen agerraldia atzo Euskaldendetako presidente Bittor Lizarribarrek, eta ohartarazi zuen egungo egutegia mantenduz gero «merkatu kuota galdu» egingo dela. Haren arabera, bezeroek «Euskaditik kanpo» igaroko dute merkealdiaren hasiera, eta «frogatuta» dago udako merkealdiaren lehen astean saltzen dela «gehien» —merkealdi guztiaren %25 inguru—. Hala ere, Lizarribarrek onartu du sektoreak duen egoera «txarraren» ondorioz salmenta kopurua jaitsi egingo dela. Hori dela-eta egin dute proposamena, hain zuzen.
Merkataritza sektorearen egoera «dramatikoa» dela nabarmendu du Lizarribarrek, eta apirila «inoizko hilabeterik txarrena» izan da, haren arabera. Dena den, azaldu du egoera horretan langile «oso gutxi» kaleratu behar izan dituztela. «Merkealdiak ez baditu enpresariak diruz hornitzen, itxierak egon daitezke», esan du Lizarribarrek.
Euskaldendetako ordezkariak baieztatu du proposamena sindikatuekin adostuta dagoela eta administrazioarentzat ez duela kosturik izango. Bizkaidendak eta Dendartean Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatarien elkarteak ere ados daude proposamenarekin. Jaurlaritzaren oniritzirik gabe ere, euren bazkide direnei «aurrera jarraitzeko eta merkealdiaren hasiera eguna aurreratzeko» eskatu diete.
Jaiegunen auzia
Merkealdiaren gaia ez ezik, jaiegunetan dendak irekitzearena ere helaraziko diote gaur Jaurlaritzari. Euskaldendak elkartea saltokiak irekitzearen aurkakoa da. Bilboko Udalak otsailean erabaki zuen «interes komertzialeko» zazpi jaiegun izendatzea, eta horietan irekitzeko aukera izango dute saltokiek. Gaur bertan, jaiegunetan dendak zabaltzearen kontrako 20.000 sinadura eramango dituzte ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Jaurlaritzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzara.
Merkataritza sektorerako jarritako diru kopurua ere hizpide izango du Euskaldendak taldeak Jaurlaritzarekin. Kopuruaz eta kopuru horren banaketaz ariko dira. «Esku artean dagoen diru kopuruarekin zerbait gehiago egin zitekeen», esan du Lizarribarrek.
Euskaldendak elkarteak merkealdia hilaren 28ra aurreratzeko eskatu du
Merkealdiaren hasiera oporren hasierarekin bat ez etortzea eta lehiakortasuna hobetzea da asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu