Euskaltelek Internet kalean doan eskainiko die bezeroei wifi bitartez

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 128.000 sarbide puntu jarri dituzte, eta ugarituz joango dira

Unanue eta Ojeda, Euskalteleko arduradunak, atzo, Donostian. J. C. RUIZ / ARP.
Jon Fernandez.
Donostia
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Hogei urte kablea lurperatzen egin ostean, lurpetik atera dugu orain». Wifi kultura bat badagoela ikusi dute Euskalteleko arduradunek, eta horri erantzuteko sortu dute Euskaltel Wifi zerbitzua, kalean haririk barik sarera konektatzeko doako tresna. Atzoz geroztik, telekomunikazio konpainiaren bezeroek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kaleetan sakelako telefonoarekin zein bestelako gailuekin Interneten «doan, modu seguruan eta mugarik gabe nabigatzeko» aukera daukate.

Guztira, 128.000 sarbide puntu jarri dituzte martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan ezingo da zerbitzu hori erabili, «Euskaltelen zuntz optikoko sareak estaldura duen euskal geografian» soilik erabili ahal izango delako. «Internetera doan sartzeko Euskadiko sarerik handiena» sortu dutela nabarmendu du Fernando Ojedak, Euskalteleko zuzendari nagusiak. Pixkanaka, gainera, wifi puntu gehiago izango direla gaineratu du. Konpainiak batez ere norbanakoen etxeetan jarrita dauzkan kablemodemak erabili ditu wifi igorleen sarea osatzeko.

Zerbitzua erraz erabiltzekoa dela esan du Unanuek: «Nahikoa da erabiltzaileak doako aplikazioa deskargatzea, bere sakelakoaren zenbakia sartzea eta Euskaltelek SMS bidez bidaliko dion lau zenbakiko pasahitza sartzea. Nahikoa da gailu mugikorrak behin konfiguratzea. Handik aurrera, Euskaltel Wifiren sarea dagoen leku batean dagoenean automatikoki konektatuko da».

Antzeko proiektu bat jarri zuten martxan iaz jantoki, taberna zein saltokietarako: Euskaltel Wifi Open. Jada 1.500 sarbide puntu ditu aktibo zerbitzu horrek, eta aurten 3.000ra iristea espero du Euskaltelek. Konpainiaren bezeroak sarbide puntu horiek ere erabili ahalko dituzte aurrerantzean wifia eskuratzeko.

Eskariaren hazkundea

Herritarrek wifia erabiltzeko gero eta joera handiagoa dute, Euskaltelen arabera. Konpainia horrek kudeatzen duen Interneteko sarbideen trafikoa, adibidez, bikoiztu egin da urtetik urtera 2011z geroztik. Konpainiaren arabera, 13 urtetik 24ra bitarteko erabiltzaileen %55ek egunean lau orduz edo gehiagoz erabiltzen dute Internet mugikorra, eta aisialdiarekin lotzen dute sarerako konexioa. Eskaria nabarmen hazten ari dela azaldu du Unanuek, eta jendeak gero eta gehiago erabiltzen duela wifia etxean, datu tarifaren osagarri gisa, fakturan dirua aurrezteko.

«Bizitza kalean ere gertatzen bada, zergatik eduki wifia etxean bakarrik?», galdetu du Unanuek. Halere, sare sozialetan agertu dira kexa batzuk: konpainiak norbanakoen etxeetako kablemodemak erabiliko dituela kalean wifia eskaintzeko, eta horrek norbere sarea moteldu dezakeela, besteak beste.

Unanuek bezeroen zalantzak argitu ditu. Batetik, etxeetako kablemodemak Euskaltelenak direla azaldu du, ez norbanakoenak, eta konpainiak kudeatzen dituela haren softwareak. «Guk beste sare birtual bat sortu dugu kablemodem bakoitzean kalerako, eta etxeko zerbitzuan ez du kalterik egiten, eta ez du moteltzen». Horrez gain, bezeroek aukera dezakete Euskaltelek ez erabiltzea euren etxeko kablemodema Euskaltel Wifi zerbitzurako. «Euskaltelen web orrian sartu, eta momentuan ken daiteke». Hori bai, euren kablemodema Euskaltel Wifi igorleak ez izatea eskatzen duten bezeroek ezingo dute gero kalean zerbitzu hori erabili. «Komunitate bat sortuko dugu azken batean», Unanueren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.