Eusko Jaurlaritzak %12,2 murriztu du legegintzaldi honetako ekintzailetza planaren aurrekontua. Aurreko legegintzaldian baino 36 milioi euro gutxiago jarriko ditu enpresa berriak sortu eta garatzeko: guztira, 389 milioi eurokoa izango da. 259 milioi euro Jaurlaritzaren aurrekontuetatik bideratuko dira -aurreko planean 295 milioi izan ziren-, eta beste 130 milioi euro inguru gehitzea espero du egun indarrean dauden laguntza fiskalekin, foru ogasunek PFEZn eta sozietateen gaineko zergan aplikatzen dituztenekin.
Gobernu Kontseiluak astearte honetan aurkeztu duen planaren berritasun nagusiak hasierako urratsarekin dauka lotura. Enpresa bat sortzeko egun dauden «oztopoetako» bat leundu nahi du. Jaurlaritzaren helburua da prozesu hori 48 orduan egin ahal izatea, leihatila bakarrean eta plataforma digital baten bidez. Horretan inplikatuta dauden eragile guztiekin batera, «gobernantza eredu berri bat» jarriko du martxan Jaurlaritzak.
Programak, bestela, ekintzailetza babesteko 700 ekintza baino gehiago biltzen ditu, eta horietatik %87 bi eragileren edo gehiagoren lankidetzarekin garatuko direla azpimarratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.
2024ra arte, Jaurlaritzak mila ekintzailetza proiektu berri sustatu nahi ditu, eta oinarri teknologikoko 450 enpresa sortzea espero du. Tapiak gogoratu duenez, azkenengo zortzi urteetan 780 enpresa eta 3.400 lanpostu sortu dira.
Sailburuak azpimarratu duenez, Espainia mailako ikerketa baten arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia «ondo kokatuta» daude ekintzailetzaren alorrean, lehenengo, hirugarren eta seigarren postuetan, baina «hobetu» egin behar dute, kultura ekintzailea «errotu» dadin.
Gogoratu du ekintzaileei eginiko inkestetan eskaera hauek nabarmentzen direla: egitasmo berriak babestea, izapideak sinplifikatzea, eta laguntza fiskalak. Horiei beste puntu bat gehitu die sailburuak, kulturala: porrotaren kontzeptuaren pertzepzioa aldatzea, huts egindako enpresa egitasmo batek ez estigmatizatzea hori abian jarri duen enpresaria. «Beldur» hori amaitzea ezinbestekoa da, Tapiaren iritzian.