Eusko Jaurlaritzak funtzionario kopurua txikituko du datorren urtean

Pertsonal gastuak zenbatu gabe, %6 murriztuko ditu datorren urteko aurrekontuak

Iker Aranburu.
2009ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Datorren urteko aurrekontuetan dirua aurreztu ahal izateko hartu beharreko erabaki gogorrak tantaka-tantaka ari da administratzen Eusko Jaurlaritza. Aurrekoan funtzionarioen soldata igoera ia baztertu ondoren, atzo aurreratu zuen datorren urtean bere langile kopurua murrizten saiatuko dela.

Idoia Mendia bozeramaileak atzo azaldu zuenez,Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2010eko gastuaren gehienezko muga finkatu zuen atzo. Gastua, langileen soldatak kontuan hartu gabe, %6 murriztuko da.

Langileetan egingo duen gastua ez du zehaztu Mendiak, baina aldaketak egongo direla onartu du. Bozeramaileak ez du argitu nahi izan funtzionarioen soldatak izoztu egingo al dituzten -gaia jorratu ez dutela ziurtatu du-, baina iragarri du ez dutela lanpostu publiko berririk sortuko. Kontrara, saiatuko dira funtzionario kopurua murrizten. Nola egingo duten ez du azaldu, baina baliteke erretiroa hartuko duten langileak ez ordezkatzea. Lan eskaintza publikoak, «egitekotan», behin-behineko langileei egonkortasuna emateko egingo dira.

Gobernuaren lehentasuna

Krisiaren eraginez zerga bidez bildutakoaren jaitsierak bultzatu du Jaurlaritza aurrekontu murriztaileak aurkezketera. Maiatza arte, iaz baino %16,8 diru gutxiago bildu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, baina urte amaieran espero dute diru bilketa %5 eta %8 artean murriztea.

Gastuaren murrizketak ez du arlo guztietan berdin eragingo. Mendiak atzo aurreratutakoaren arabera, ez da «doikuntzarik» egingo honako sail hauetan: gizarte politika, osasuna, hezkuntza, enpresen eta familien finantzaketa erraztea, klima aldaketaren aurkako borroka, etxebizitza eskuratzeko politikak, Menpekotasun Legearen garapena, Ikerketa eta Garapena eta informazioen teknologia. «Gainontzekoa bigarren maila batean geratuko da, eta horietan jokatu beharko da zorrotzago aurrekontuetan», azaldu du Mendiak.

Aipatu gabe geratu diren arloetan daude, besteak beste, euskara bultzatzeko politikak, kultura eta Ertzaintza.



Elkarrizketa sozialean, laster emaitzak espero ditu Jaurlaritzak

Gaur egingo du lehen lan bilera Eusko Jaurlaritzak bultzatutako elkarrizketa sozialeko mahaiak. Idoia Mendiabozeramailearen arabera, Jaurlaritzak espero du laster zenbait emaitza emango dituela. «Helburuak oso garbi daude, eta mahaiko kideen aldetik sintonia zoragarria dago», azaldu du Mendiak.

Jaurlaritzako bozeramaileak onartu egin du Espainiako elkarrizketa sozialak eragina izan dezakeela berek bultzatutakoan ere.Oraingoz, mahai horretan desadostasunak oso handiak dira. CEOE patronalak enpresek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak bost puntu jaisteko proposatu du, eta kontratu mota berria nahi du, nahi erara kaleratzeko. Bi puntu horietan ezezkoa eman dio Espainiako Gobernuak. Gaur bilduko dira berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.