Eusko Jaurlaritzak Kaikuren %7,3 erosi du, 6,6 milioi euroan

Ekarpen funtsari esnegintza konpainian zuen partea erosi dio Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Erakundearen bitartez. Pedro Azpiazuren arabera, luzerako inbertsioa egin nahi Jaurlaritzak. Kaikuren %73,5 Suitzako Emmi enpresarena da.

Kaikuk 393 milioi euroko salmentak egin zituen 2018an. BERRIA
Irune Lasa.
2019ko urriaren 15a
14:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, Mondragon Taldeak eta Kutxabankek osaturiko Ekarpen funtsak jakinarazi berri zuen Kaiku konpainiako %7,3ko bere partea saldu egingo zuela. Orain, 6,6 milioi euroren truke, Kaikuren akzio horiek Eusko Jaurlaritzak erosiko ditu, Finantzen Euskal Erakundearen bitartez. Erosketa horren bidez epe luzerako inbertsio bat egitea izan da gobernuaren asmoa, "iraunkortasun borondatearekin", azaldu du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak gaur.

Kaikurena bezalako beste inbertsio bakarra zuen egina orain arte Jaurlaritzak: 2018. urteko urtarrilean CAF tren konpainiaren %1,24 erosi zuen, 15 milioi euroan. Orduko hartan ere, Kutxabank tartean zen, hura CAFetik irten zenean egin baitzen operazioa. Ziurrenez, Kaikuren parte hartzea Finkatuz funtsera gehituko da, hura formalki eratzen denean. Finkatuz funtsa guztiz publikoa izango da, eta oraindik ez dago jarduera betean, besteak beste, inbertsio plangintza erabat zehaztu gabe daukalako. 2020. urte hasierarako espero da erosketa plana eta eraketa. Finantzen Euskal Erakundeak kudeatua, Finkatuz funtsaren xedea bolumen handia duten eta estrategikoak diren enpresetan epe luzera parte hartzea da.

Pedro Azpiazuren arabera, Ekarpenek Kaikutik ateratzea erabaki ostean, sortu da halako inbertsio bat egiteko aukera; "Kaikuk Finkatuz-eko baldintza guztiak biltzen ditu". Kaikuren %7,3 erosteko 6,6 milioi euroak osagarriak izango dira: ez dira etorriko Finkatuzerako aurreikusitako 100 milioi euroetatik.

Sailburuak azpimarratu du "egoitza soziala Euskadin duen" enpresa bat dela Kaiku, eta hazten ari dela, "baita enpleguan ere". Nekazaritzarentzat estrategikoa dela ere nabarmendu du, Kaikuk konpromisoa duelako bertako lehen sektorearekin, besteak beste, esnea erosterakoan. "Bertan gelditzeko iritsi" den Jaurlaritzaren inbertsioarekin konpromiso hori sendotu egingo dela uste du Azpiazuk.

Dena den, Kaikuren akziodun nagusia atzerrikoa da, Suitzako Emmi konpainiak ditu akzioen %73,4. Horrek Kaikuren errotzean duen eraginaz galdetuta, Azpiazuk aipatu du akziodunen hitzarmen bat dagoela, ahalbidetuko lukeena aurre egin ahal izatea egoitza aldatzeko erabaki bati. Kaiku enpresaren gainerako jabeak Kaiku kooperatiba (%10,79) Euskadiko Kutxa (%8,23) eta Lleters (%0,20) dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.