Bideragarria izan daitezkeen enpresak bidean itota geratzea eragotzi nahi du Eusko Jaurlaritzak. Ekonomia berriro ere atzeraldian sartzen ari da, eta Patxi Lopez lehendakariak iragarri du aurten eskura 2.180 milioi euro izango dituela enpresen finantza beharrak betetzeko. Inbertsio, berme eta maileguen aurrekontua handitzeko finantza erakundeen laguntza lortzen saiatu da gobernua, eta Kutxabanken babesa lortu du lehenik eta behin.
2008. eta 2009. urteetan krisiari aurre egiteko asmoz hartu ziren eta harrezkero indarrean egon diren neurrien jarraipena dira neurri gehienak. Esaterako, Oinarri eta Elkargi sozietateen bidez 550 milioi euro arteko kapital zirkulatzailea bermatuko zaizkie enpresa txiki eta ertainei. Erabilera oso zabala izan zuen programak 2009. urtean —476 milioi—, baina harrezkero gutxiago erabili dute enpresaburuek. Premiazko bermeentzat beste 200 milioi egongo dira, baina Bruselak onartzea beharko da, orain arteko programaren iraupena eta baimena amaitu direlako.
Iniziatiba publikoa bi alorretan indartuko du finantza erakundeen ekarpena. 2012. urteko aurrekontuen arabera, asko jota 400 milioi euroren bermeak ematea dauka baimenduta Jaurlaritzak. Orain, finantza erakundeekin akordioak sinatzeari ekin dio, kopuru hori 660 milioi eurora handitu ahal izateko. Alegia, gobernuak bermeen arriskuaren %60 hartu du bere gain, eta parte hartzea erabakitzen duten bankuek, %40.
Kutxabank da bermeetan parte hartuko duen lehen erakundea. Mario Fernandez presidentea neurrien aurkezpenean izan zen, eta beste erakunde batzuk interesa ez balute ere Kutxabankek 260 milioi euroren bermeak estaliko zituela jakinarazi zuen. Ziurrenik, ez da beharrezkoa izango, beste finantza erakunde batzuk ere elkarlanerako prest daudela aurreratu zuelako Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak, gainera, Ekarpen funtsean duen partaidetza handituko du. Orain arte Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek jabetzaren %60 zuten, eta kutxek, %40. Orain dela gutxi kapitala handitu dute, jabetza erdi bana uzteko. Administrazio publikoek 20 milioi jarri dituzte, eta Kutxabankek 150 milioi. Sektore berritzaileak eta estrategikoak sustatzeko sortu zen Ekarpen. Proiektu bakoitzari 10 eta 40 milioi euro arteko finantzaketa ematen dio. Inbertsioari sei eta zortzi urte bitartean eustea da irizpide orokorra, betiere enpresak dituen beharren menpe.
Lopezen kritikak
Enpresentzako laguntza aurkezteko ekitaldia Europako Batasunaren politikak kritikatzeko baliatu zuen lehendakariak. Haren irudiko, Merkelen eta Sarkozyren politika «neoliberalak» ari dira atzeraldia eragiten, euren ekimenez enpresei zuzenean laguntzeko politika aktiboak bultzatzea eragotzi delako azken garaietan.
Eusko Jaurlaritzak Kutxabanken babesa lortu du enpresak finantzatzeko
Inbertsio, berme eta maileguetan 2.180 milioi euro erabiliko dira aurten, enpresa txiki eta ertainentzat batez ereLopez lehendakariak Merkel eta Sarkozyren «politika neoliberalak» salatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu