Albiste txarra Eusko Jaurlaritzako 60.000 langile publiko baino gehiagorentzat. Espainiako aurrekontuak luzatzen badira, funtzionarioei ez zaie igoko soldata. Hala iragarri zuen atzo Carlos Agirrek, Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Azaroaren 20rako hauteskunde deialdiak oso zail egingo du beste aurrekontu proiektu bat tramitatzea, eta aurtengo kontuen parekoekin lan egin beharko du bozetatik ateratzen den gobernu berriak, ezusterik ez badago.
Funtzionarioen soldata ezingo dela Estatuko Aurrekontu Orokorretako Legean baino gehiago handitu diote Jaurlaritzak heldu den urteko kontuak egiteko prestatu zituen irizpideek. 2011. urterako legean, zehaztu zuten Espainiako funtzionarioei ez zitzaiela igoko soldata, eta irizpide hori ezarri zitzaien Jaurlaritzako langile publikoei ere, soldata oinarrian eta antzinatasunean, behintzat. Bi atal horiek ordainaren %30 eta %50 bitartean ematen dute. Egoera berriro errepikatuko dela ia ziurtzat jo du Jaurlaritzak.
Soldata osatzen duten beste ataletan zer gertatuko den argitu beharko du Patxi Lopezen gobernuak. Funtzio publikoaren mahaian sindikatuekin lortu zuen akordioari jarraituz, berariazko osagarriari %0,5eko igoera ezarri zaio azken bi urteetan, aparteko ordainak besteekin parekatzeko. Haatik, akordioa abenduaren 31n amaitzen da, eta oraingoz hitzarmen kolektibo berri baterako negoziazioak ez dira aurrera eraman.
Soldatari dagokionez, gutxienez, ez da mahai orokorreko akordioan iragarri zena bete. 2010. urterako soldata %0,3 handitzea hitzartu zuen Justizia eta Herri Administrazio Sailak ELA, CCOO eta UGTrekin. Azkenean, ordea, funtzionarioen soldatak jaitsi ziren urte horretan udatik aurrera, defizitari aurre egiteko murrizketen baitan. 2011. urtean, berriz, KPI errealaren pareko igoera bertan behera geratu zen.
Jaurlaritzaren iragarpenaren ondotik, beste erakunde publikoek zer egingo duten erabaki gabe dago. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak iragarria du funtzionarioei soldata izozteko aukera aztertuko duela foru aldundiak.
Bilketa ahula
Heldu den urteko aurrekontuak prestatzeko irizpide «gogorren» baitan kokatu zuen Agirre sailburuek funtzionarioen soldataren balizko izoztea. Edonola ere, langile gastuak ez handitzea gobernuarentzat «erabateko» lehentasuna dela uste du. «Baliabideak beste zerbitzu publiko batzuetara zuzentzeko aukerarik dugun ikusi behar dugu». Funtzionamendu gastuak eta diru laguntza «guztiak» jaisteko asmoa du Jaurlaritzak, eta inbertsioetara zuzendutako dirua ere gutxituko da.
Agirrek Finantzen Euskal Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan eman zituen azalpenak. Egoera ekonomikoak dituen hodei beltzak irudikatu ziren kontseiluaren erabakietan. Hala, 2011n 810 milioi euroko zuloa geratuko zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunei, aurrekontuak egiteko iaz kalkulatu zenetik urrun geratu delako bilketa.
Urtearen joanean bilketa ahula orekatu ahal izateko gastua murrizteari ekin diote Jaurlaritzak eta aldundiek, baina oraindik udalerrietan duen eragina kalkulatu behar da. Izan ere, udalei egiten zaizkien diru eskualdaketak aurreikuspenetan oinarritzen dira. Hots, orain arte eskuratu dutena baino diru gutxiago egongo da azkenean. Hortaz, otsailean 2011ko likidazioa egiten denean litekeena da udalerriek jasotako diruaren parte bat ogasunei itzuli behar izatea. Egoera ez da berria, eta bueltatu beharreko diru hori atzeratzea edo era mailakatuan ordaintzea eskaini izan dute foru gobernuek orain arte.
Heldu den urtera begira, zerga bidez aurten baino 420 milioi euro gehiago biltzea espero dute ogasunek, %3,6 gehiago. Aurreikusitako kopuru orokorra — 12.116 milioi euro — 2006 urtean bildutakoaren azpitik egongo litzateke.
Hazkunde gutxiago
Zerga bilketan islatuko da jarduerak azken hilabeteotan izan duen moteltzea, eta Eusko Jaurlaritzak hazkunde aurreikuspena aldatu behar izan du. Barne produktu gordina aurten %0,8 baino ez dela haziko uste du, orain arte espero zuena baino sei hamarren gutxiago. Heldu den urtean %1,4 handitu dela dio aurreikuspenak.
Lehen aldiz aurten enplegu galera izango dela onartu du Lopezen gobernuak, 3.800 lanpostu batez beste. 2012 urtean, berriz, 2.900 sortzea espero du. Hots, hazkundeak ez du balio izango aurtengo enplegu galera gainditzeko. Langabeziari dagokionez, 2011 urteko batez bestekoa %11 izango dela dio Jaurlaritzaren aurreikuspen berriak. Datorren urteko lehen seihilekoan langabe kopuruak gora egingo badu ere, 2012ko urtean bi hamarren jaistea espero du, urtea %10ean itxi arte.
Zergak. Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera
Eusko Jaurlaritzako langileen soldatak ez dira igoko 2012. urtean
Ekonomia sailburuak aurreratu du EAEko funtzionarioen ordaina ez dela igoko Espainiako aurrekontuak luzatzen badiraHazkunde aurreikuspena jaitsi du Lopezen gobernuak, eta enplegu galera iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu