Euskal moneta

Eusko tokiko diruaren billeteak aurkeztu dituzte

Bost billete mota izango dira: eusko 1ekoak, 2koak, 5ekoak, 10ekoak eta 20koak. Orotara, 126.500 eusko plazaratuko dira.

2013ko urtarrilaren 15a
19:57
Entzun

Gaur goizean aurkeztu berri dituzte eusko euskal diruaren billete berriak, Baionako merkatuko Maite arrandegian. Tokiko diru hori urtarrilaren 31tik goiti erabiltzen ahalko da Ipar Euskal Herri osoan, bazkide izango diren dendetan.

Billeteetan agertzen diren argazkiek Ipar Euskal Herriko tokiak erakusten dituzte, eta Bob Edmek ateratakoak dira. Grafismoa Ramuntxo Partarrieuk egin du; inpresioa, berriz, Marcos inprimategiko Jean Pierre Goienetxek.

Itsagarri batzuek erakutsiko dute denda bat euskal diruaren sarean izango den. Horien gainean zenbakiak agertuko dira, dendaren langileen euskara maila sailkatuko dutenak: 1, 2 eta 3. Hirugarren maila da hiztun osoena.

Bazkide egin nahi duenak euskal diuaren webgunean bertan egin dezake. Horren truke, 5 euro ordaindu behar ditu urtero, baina eusko batek euro baten balioa izango du. Eragiketa bakoitzetik %3 elkarte bati emango zaio. Elkarte hori bazkideak aukeratuko du izena ematerakoan. %2, berriz, Euskal Monetaren Elkarteari joango zaio. Diru hori merkatariek emanen dute, eragiketa bakoitzetik %5eko komisioa ordainduz.

Eusko Ipar Euskal Herri osoan zenbait lekutan erabiltzen ahalko den tokiko dirua da. Hiru zutabe ditu: soziala, ekologia eta euskara. Erabiliko duten profesionalek tokikoak izan beharko dute, eta euskararen alde indarrak egin beharko dituzte: euskara AEKn ikasi eta informazioa euskaraz eskaini. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.