Ipar Euskal Herriko biztanleek euroak eusko bihurtzeko hautua ukanen dute heldu den urtarriletik hasita. Eusko izeneko euskal dirua Ipar Euskal Herrian zabalduko da, eta herritarrek, elkarteek zein enpresek, nahi duten eusko kopurua eska dezakete dagoeneko. Euro baten truke eusko bat ukanen dute. Kontrako aldaketa egin nahi badute, aldiz, antolatzaileek %5 atxikiko diote enpresei, eta %3 elkarte eta norbanakoei. Izan ere, norbanakoek elkarte baten bidez eskuratu beharko dituzte euroak. Elkarte baten aldeko partaidetza jakinarazi beharko dute, eta egitura horrek bederen 30 kide ukan beharko ditu sarean sartzeko. Urteko partaidetza finkatu dute, norbanakoek bi eta hogei euro artean ordaindu beharko dute, enpresek 60 eta 240 euro artean eta elkarteek 10 eta 100 euro artean.
Xedea abian ezarri duen taldeak ostegunean egingo du Biltzar Nagusia, Baionako Robles Arangiz fundazioan. Euskoa eskuratu nahi dutenek elkartearen ituna onartu beharko dute, eta engaiamendua hartu tokiko ekonomiaren, ingurumenaren eta euskararen alde. Biltzar Nagusian bost talde osatuko dituzte, eusko monetaren jarraipena egiteko eta paperez plazaratuko den dirua karrikan egon ahal izateko. Lurramaren karietara —urriaren 19,20 eta 21ean—, nahi duten norbanako, elkarte eta enpresek kopuru finko bat atxikitzea eska dezakete. Horrekin batera, saltegien eta elkarteen gida osatuko dute abendu bitartean. «Gure xedea da bezeroei zerrenda bat ematea, jakin dezaten non eros dezaketen euskoak baliatuz», zehaztu du Mendi Estebanek.
Xedea abiatzeko, 100.000 eusko inprimatuko dituzte, eta, bederen, ehun enpresa eta elkarte biltzea igurikatzen dute. Alemanian egindako esperientzia batean hatsartu dira; han, zortzi urteko epean, sei milioi euroko kopurua lortu dute, 600 enpresa eta 210 elkarteko sarea osatuta. «Garrantzitsuena ez da bankuen eskuetatik kentzen den diru kopurua, baizik eta espekulazioaren aurka borrokatzeko bidea dela», azaldu du Noel Etxeberri Txetx-ek. Izan ere, tokiko diruak tokiko ekonomia indartzen du, eta urtean bederen hamaika aldiz aldatzen da eskuz, euroa baino hiru aldiz gehiago.
Enpresa eta elkarteez gain, egitura eta agintari publikoekin ere sartuko dira harremanetan, xedea aurkeztu eta diru laguntzak eskatzeko.
«Erakunde publikoek eta enpresa txikiek euskoa sustatzeko arrazoia dute, jakin badakitelako diru hori ez dela desbideratuko eta tokiko sarea indartzeko baliatuko dela», azaldu zuen Txetxek.
Trukatzeko bulegoak
Lehen urrats gisa eusko dirua Ipar Euskal Herrian garatzea da taldearen xedea. Horregatik, aldaketa bulegoak ezarriko dituzte plantan Ipar Euskal Herriko herri eta auzoetan. Ildo horretan, harremanetan sartu dira tokiko eragileekin, sarea osatu eta trukaketa bermatzeko.
Baina euskoak, erabilera eremua Iparraldea ukan arren, Bera, Irun edo halako herrietara heda daitekeela diote. Etorkizunean xede hori garatu eta bertze batzuekin osa daitekeela erran dute.
Euskoa, urtarrilerako karrikan
Euskal diruak euro baten balioa izango du eta Euskal Herriko produktuak bultzatzea du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu