Ez bada, badu antza

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Espainia Grezia ez bada, badu antza. Perpausaren lehen zatia Trichetek bota zuen atzo; bigarrena, inbertsiogileek. Espainia usaina duen edozer harrika botatzen ari dira finantza merkatuetan: ia %3 jaitsi zen Ibex-35, eta 9.400 puntuz azpitik dabil. 4.200 milioiren salerosketa izan zen, eta lasaitasun gutxi. Espainiako Altxorraren zorra saldu, saldu zen. Baina Alemaniakoarekiko gainsariak gorantz jarraitzen du etengabe. Dagoeneko %19 galdu du Ibex-35ek azken urte erdian; %20 pasa urtea hasi zenetik. Egoera arruntetan, burtsan, enpresen mozkinei erreparatzen zaie; baina sute garaian ihes egiteak du lehentasuna; eta ke arteko egunak bizi ditugu. Ausartenek, noiz sartu asmatzen dutenek, itxuraz erretzera doan etxearen jabetza lor dezakete. Edo bertan kiskali. Euroak 1,27 dolar balio ditu, sortu zenetik bizi duen urterik zailenean. Dow Jones %1,32 galduz hasi zen. Estatuek porrot egingo ote duten zalantza badago, zer esan akzioez.



Zorra.Alemaniako zorrak geroz eta gehiago balio du, Espainia, Portugal eta Italiakoak geroz eta gutxiago. Batak interes tasa beherakorrak ordaindu behar ditu, besteak hazkorrak. Hori da inbertsiogileen apustua egun, espekulatzaileenak barne. Eta oraingoz ongi atera zaiena. Egoerari buelta emateko modu bat litzateke Alemaniak zorra jaulki eta, sosekin, beste herrialdeen zorra erostea, interesen joera aldatzeko. Espekulatazaileenei min emango lieke. Baina zergatik egin behar du erreskate hori Alemaniak? Bada EBZri hori egin dezan eskatzen dionik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.