Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Â
Teknologia berriek aldaketa handiak ekarri dituzte herritarren ohituretan, baita erosteko moduan ere. Atzean gelditu dira jostunen esku trebeek jantziak egiten zituzten garaiak, eta, herrian bertan arropa dendak izan arren, askok nahiago izaten dute Internet bidez erosi, merkeago aterako zaielakoan. Baina paketea etxera heltzen denean eta jantziak probatzen dituztenean hasten dira komeriak: «Luze dauzkat prakak!». Horiek horrela, gaur egun, konponketak egiten aritzen dira jostunak.
Loli Ostolaza Iriarte (Doneztebe, Nafarroa, 1945) 14 urterekin hasi zen joskintzan, ikasketak amaitu bezain laster: «11 anai-arreba ginen, eta, garai haietan, emakumea izanda, josten ikastea edo etxe batean lanean hastea beste aukerarik ez zenuen». Etxera joaten zitzaizkien neskekin hasi zen lehenengo puntadak ematen.
Beste jostun bati laguntzen ere ibili zen, baina doneztebearrak argi utzi du ez dakiela diseinatzen eta patroiak ebakitzen, konponketak egiten baizik: «Praka batzuei azpildura hartu, soineko edo jaka bat estutu, kremailerak jarri eta horrelako gauzak egiten ditut». Ezkondu zenean, ordea, josteari utzi zion Ostolazak, eta umeak zaintzen aritu zen. Baina handik gutxira berriro hartu zituen orratza eta haria, eta etxean egiten hasi zen auzokideek agintzen zizkioten mandatuak: «Ia berrogei urte daramatzat josten».
Antonia Fonseca Fonsecak ere (Erandio, Bizkaia, 1958) 13 edo 14 urte zituen josten ikasten hasi zenean. Horiek horrela, eskola eta joskintza ikasketak uztartu zituen. Ostolazak ez bezala, diseinatzen ikasi zuen hark, haurtxoentzako jantziak egitea gustatzen baitzitzaion: «Zortzi anai-arrebetatik bigarrena naiz, eta hiru ahizpa txikiei nik egiten nien arropa, jaio zirenetik: haiek baino hamalau, hamasei eta hogei urte nagusiagoa naiz».
«11 anai-arreba ginen, eta, garai haietan, emakumea izanda, josten ikastea edo etxe batean lanean hastea beste aukerarik ez zenuen»
LOLI OSTOLAZA IRIARTE Jostuna
Geroago, gainontzeko ikasketak alde batera utzi eta joskintzan hasi zen buru-belarri: Bilboko ikastegi batera joaten zen, eta, aldi berean, tailerretan lan egiten zuen. «Ezkondu ondoren, lehenengo semea izan nuenean, ordea, kanpoan behar egiteari utzi nion, eta etxean mandatuak hartzen hasi nintzen», azaldu du Fonsecak.
Aspaldi egiten zen bezalaxe, 22 edo 23 urte zituela, Leioa eta Getxo (Bizkaia) arteko Artatza parkearen goiko aldean dagoen txalet batera joaten zen Astrabudutik —Erandioko auzo horretan bizi da txikitatik—, andre batentzat jostera: «Astean egun batean joaten nintzen: goizean etortzen zen txoferra nire bila, eta bazkaldu ere egiten nuen bertan. Ez dut uste orain hori egiten duen jostunik dagoenik».
1985. urtean, berriz, denda bat ipini zuen auzoan, ezagun batekin batera. Azken horrek, ordea, urtebetera utzi zuen saltokia: «Nagusiagoa zenez, harentzat lan handia baitzen». Bakarrik geratu arren, berak egindako haurtxoentzako arropa saltzen jarraitu zuen Fonsecak, auzoan: «Lan dezente izaten nuen: martxotik uztailera bitartean, gelditu ezinik ibiltzen nintzen. Hori dela eta, langileren bat hartu behar izaten nuen».
Hala ere, bi urtez bajan egon ostean, bakarrik konponketak egiten jarraitzea erabaki zuen. Izan ere, dagoeneko kostatu egiten zitzaion garai bateko erritmoari jarraitzea eta, gainera, «nahikoa» zeukan konponketekin: «Erabakita neukan erretiroa hartzea, baina inguruko jendeak jarraitzera animatu ninduen».
«Sendi bereko hiru belaunalditako kideentzat egin izan ditut jantziak; amonentzat, amentzat eta seme-alabentzat, alegia»
ANTONIA FONSECA FONSECA Jostuna
Bezeroei buruz galdetuz gero, esker hitzak baino ez zaizkio etortzen burura Fonsecari: «Sendi bereko hiru belaunalditako kideentzat egin izan ditut jantziak; amonentzat, amentzat eta seme-alabentzat, alegia». Izan ere, gehienbat haurtxoentzako arropa egin arren, tarteka, beste adin batzuetako emakumeentzako soinekoak eta alkandorak josi izan ditu: «Ezkontza, jaunartze eta bataioetarako mandatu asko nituen: jantzi ederrak egiten nituen, horiek guztiak eskuz egindakoak».
Orain, ordea, argi dauka Fonsecak: geratzen zaizkion azken jantziak saltzen ari da jada, eta laster denda itxi eta erretiroa hartuko du. Hala ere, hark ez du baztertzen josten jarraitzea: «Itxita egon arren, litekeena da dendara joaten jarraitzea, niretzat jantziak egiteko».
Merke delakoan karua
Erosteko moduan eragina izan dute teknologia berriek. Hala ere, hamarkada hauetan guztietan joskintzan «aldaketa handirik ez» dela egon uste du Ostolaza Doneztebeko jostunak, gero eta gehiago baita arropa konpontzera eramaten duen jendea.
Hark aipatu du lehen bazirela herrian jantziak eskuz egiten zituzten bi emakume, baina, ohitura aldaketen ondorioz, «batek utzi egin du, eta besteak konponketak baino ez ditu egiten», aitortu duenez. Beraz, litekeena da Internet bidez erosteak jantzien diseinuan eragin izana, konponketetan ez bezala.

Izan ere, Ostolazak argi dauka gaur egun ez dela lehen beste jantzi eskuz egiten: «Jendeak eginda erosi nahi du, eta, bide batez, arropaz aldatu». «Esaterako, soineko bat osorik eskuz egitea oso garesti ateratzen da. Internet bidez, ordea, erdi prezioan eros dezakezu».
Gainera, arropa Interneten erosteak «buruhausteak» eman ditzake, doneztebearraren arabera. Izan ere, jantziak merke egon arren, ez dago horiek ondo dituzun ikusteko aukerarik: «Gero, niri ekartzen dizkidate: konpontzea edo berri bat egitea berdin-berdin aterako litzaiekeela esaten diet beti». «Gainera, kalitate txarragoko oihalekin egindakoak izaten dira gehienetan».
«Gero eta gehiago dira enkarguak egiten dituzten lagunak, baina jende asko kexu da gutxi garelako jantziak atontzen ditugun jostunak»
LOLI OSTOLAZA IRIARTE Jostuna
Gauza bera gertatu izan zaio behin baino gehiagotan Fonsecari: «Bezero ugari etortzen zaizkit soinekoa konpontzeko eskatuz, baina zenbat kostatuko zaien esaten diedanean, ahoa bete hortz geratzen dira. Izan ere, konponketa soinekoa baino garestiagoa izaten da askotan». «Ez da nire errua. Jantzia Interneten erosi izan ez bazenu...», esaten die Astrabuduko jostunak.
Ostolazak ez bezala, Interneten erostea joskintzaren kalterako dela uste du Fonsecak: «Gaur egun ez da arropa behar bezala egiten: oso zaila da haurtxoentzako soineko bat eskuz egingo dizun jostunen bat topatzea. Ez zaio kalitateari erreparatzen». Haren arabera, «alde handia dago Interneten erositako eta eskuz egindako jantzi baten artean». Baina, jendeak ez omen du hori ulertzen. Hori dela eta, arriskuan ikusten du berak egiten duen joskintza mota, hau da, herrietako tailer txikietan jantziak eskuz egitea.
Ostolazaren iritzian, baina, konponketekin ez omen dago arazorik. Beti egongo da soineko bat estutu edo kremailera jartzea nahi duen bezeroren bat. Haren ustez, gainera, jende askok afizioz josten ikasteak ere ez omen dio kalterik egiten lanbideari: «Gero eta gehiago dira enkarguak egiten dituzten lagunak, baina jende asko kexu da gutxi garelako jantziak atontzen dituen jostunak», ohartarazi du doneztebearrak.
Santa Luzia, jostunen patroia
Nafarroako Malerrekako herri horretan berreskuratzen ari diren ohitura zahar bati buruz ere hitz egin du Ostolazak. Izan ere, abenduaren 13an, Santa Luzia egunean —jostunen patroia—, omenaldia egiten diete urte luzez orratzaz puntadak ematen aritu diren emakumeei, eta haietako bati zilarrezko titarea ematen diote. Ostolazak 2008. urtean jaso zuen. «Laster, laurogei urte egingo ditut, eta oraindik ere gogoan daukat nola ospatzen genuen Santa Luzia eguna. Berezia izaten zen: inguruko herri guztietako lagunak etortzen ziren mezara, eta artisauen postuak ere egoten ziren: Gabonak hurbil genituenez, turroia erosteko aukera ere egoten zen».
«Bezero ugari etortzen zaizkit soinekoa konpontzeko eskatuz, baina zenbat kostatuko zaien esaten diedanean, ahoa bete hortz geratzen dira. Jantzia Interneten erosi izan ez balute...»
ANTONIA FONSECA FONSECA Jostuna
Jostunak gogorarazi duenez, egun haietan, herrira itzultzen ziren bederatzi hilabetez beste batzuen aziendak zaintzen ibiltzen ziren beharginak: Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik bueltan, hiru hilabetez egoten ziren senide eta lagunekin.
«Doneztebe bailarako herri handiena denez, denda asko zeuden. Horiek horrela, ardiak zaintzen irabazitako dirua gastatzera etortzen ziren». Besteak beste, mendian berotzeko mantak erosten zituzten: «Lanerako erabiltzen zituzten praka urdinak herriko jostunek egiten zizkieten», Ostolazak gaineratu duenez.
Baina «beti herriaren alde egin duelako» ezaguna ere bada doneztebearra. Hori dela eta, hura aukeratu zuten auzokideek joan den ekainaren amaierako San Pedro jaien suziria pizteko. Ostolaza 14 urterekin hasi zen ofizioan, Sarratea ahizpen tailerrean, Taberna Etxean, Errege Magoen desfilerako jantziak prestatzen —oraindik erabiltzen dira—, eta ordutik bizirik mantendu du jostearen pasioa. Gauza bera Fonseca. Aurki itxiko du denda, baina eskuak bizi-bizi izango ditu aurrerantzean ere. Desagertzen ari den lanbide baten bi adibide Ostolaza eta Fonseca.