Lehorteak larreak gorritu ditu. Nola eragin dizue?
Beldur ikaragarria dago. Larreak erabat lehortzen ari dira, eta bertan animaliek zuzenean egin dezaketen aprobetxamendua ere kolokan dago. Ez dago belarrik, eta barruti batzuk besteak baino okerrago dauden arren, garai honetarako oso erreta daude bazter guztiak. Horren ondorioz, lehen bildutako belarra lehenago hasten da gastatzen. Gainera, kontuan hartu behar da aurten askoz gutxiago bildu dela; gure inguruko etxe askotan, erdia baino gutxiago. Horrek esan nahi du hilabete eta erdi edo bi hilabeteko aurrerapenarekin ari garela; orain gastatzen dena gero neguan faltako da, eta datorren udaberria oraindik oso urruti dago.
Gainera, espekulazio ariketa bat ere sortzen da: erosi beharreko bazka garestitzen hasi da, eta bai Espainian eta bai Frantzian artoaren ekoizpena baldintzatuta egongo da. Hau da, gutxiago dago, kalitate txarragokoa, prezioak hasi dira garestitzen eta hitzartuta zeuden zenbait prezio ere ez dira mantentzen. Oso kezkatuta gaude.
Lehortea Europa osoko arazoa da. Nondik ari zarete ekartzen behar den bazka, belarra eta lastoa?
Gipuzkoan lekurik ohikoenak Araba, Errioxa eta Nafarroa dira; bazkarako erabili ohi den lastoa ingurutik biltzen da normalean. Artoa, normalean, Iparraldetik hasi eta Frantzia hegoalderainoko sailetatik. Kontua da lehortea orokorra dela, baina orokorra da eskaria ere.
«Ur faltaren eraginez, ganadua behera joaten hasia da, menditik jaisten, baina baita haragitan gutxitzen ere, alegia flakatzen. Kristoren bonba da»
Etxerako ekoizpenak egiten dituen ukuilu handi asko daude sail asko gestionatzen dituztenak. Produkzioa murriztua ikusten dute, eta falta dutena eskuratzeko merkatura jotzen dute. Horrela, eskaintza gutxiago dago, eskari gehiago, eta beste lan bat ere badaukate: ur faltaren eraginez, ganadua behera joaten hasia da, menditik jaisten, baina baita haragitan gutxitzen ere, alegia flakatzen. Izan ere, belar askoz gutxiago daukate, erreta dago, ezin dute ondo aprobetxatu, eta ur faltak asko estresatzen ditu. Kristoren bonba da.
Hasi zarete orduan animaliak menditik jaisten?
Bai, zenbaitzuk bai. Ezagutzen dut bakarren bat larre komunetatik edo herri lurretatik behi batzuk etxera jaitsi dituena han ez zeudelako ondo. Behar den lekuan janik edo urik ez badago, ganadua mugitzen hasten da, eta asko basoetara sartzen dira. Horrek lana ematen du, eta batzuen erabakia izaten da animaliak behera ekartzea.
Behiak, ardiak...?
Espezie guztiei ez die berdin eragiten, larratzeko modua berdina ez delako. Baina lehenago edo beranduago denei eragingo die. Artzainak ere ezagutzen ditut mendiko gazta egiteko ardiak jezten ari zirenak eta egoerak baldintzatuta jezteari utzi diotenak.
«Sektore honentzako beste arantza bat da, beste harri bat hankapean»
Zer eskatzen diezue erakunde publikoei?
Argi dago bazkaren arloan eta eskari-eskaintza horretan espekulazioa hasten bada kostuak ere izugarri igotzen direla. Aukera bat da erosketa hori diruz laguntzea, eta, bestela, saiakerak egin izan dira ekimen publikoaren bitartez erosketa bateratu batzuk egin eta janari eskaintza merkatzeko. Azken batean, praktikan ezinezkoa da azken produktuari dena eranstea, eta erantsita ere jeneroa falta da. Orduan, betikoa: sektore honentzako beste arantza bat, beste harri bat hankapean.