Baskegur elkarteko presidentea

Federico Saiz: «Ez dago gurea baino industria berdeagorik»

Nagusiki zerrategiek, palet enpresek eta papergintzakoek osatzen dute egurgintzaren industria. Sektoreari buruz gizarteak duen irudia «okerra» dela dio Saizek.

Federico Saiz. BASKEGUR
Federico Saiz. BASKEGUR
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Egurraren industriaren arazo nagusia egur falta da gaur egun, bertako zuhaitzena. Hala dio Baskegur patronaleko presidenteak, Federico Saizek (Portugalete, Bizkaia, 1966).

Zein da sektorearan argazkia?

Euskadin lehen eraldaketakoak daude nagusiki —enbalaje eta palet enpresak, eta zerrategiak—; pastaren eta paperaren industriek indarra dute; eta, gero, bigarren eraldaketakoak daude —altzarienak eta eraikuntzakoak—, eta, katea ixteko, bioenergiakoak. Barne produktu gordinaren %1,5 gara, eta 20.000 enplegatu ditugu, bereziki landa ingurunean.

Eta osasunez zer moduz zaudete?

Etorkizun handiko sektore bat gara, eta oinarrizkoa. Aitortza hori jaso genuen pandemian. Adibidez, gu gabe ezinezkoa da merkataritza, produktu guztiak paletetan garraiatzen baitira. Merkatuaren gorabeherak asko nabaritzen ditugu, eta oraingo motelaldi ekonomikorekin, gehiago.

Kezkatuta zaudete?

Gure kezka beste bat da: egur falta. Azken urteetan hemengo basoetan izan ditugun gaixotasunek eraginda, abandonuaren ondorioz, basoen errentagarritasun faltagatik. Nekazarien kasuan bezala, araudiak oso lerratuak daude, talde ekologisten alde. Horrek guztiak landaketak egiteko gogoa kentzen die baso jabeei.

Zer arauk oztopatzen du zuen jarduna?

Asko daude: udaletakoak, Europakoak... Gertuko bat aipatzearren, udal batzuek garai jakin batzuetan baso lanak debekatzen dituzte. Zer sektorek eraman dezake hilabete batzuez gelditzea? Funtsean, gure jardunari buruzko pertzepzio oker bat dago. Gizarteak egurra nahi du, baina kanpokoa. Gizartean, oro har, onartzen dira herri lanak. Basoa, aldiz, ezin da ukitu.

Ingurumena zaintzeko.

Ados. Baina norbaitek jar dezala mahai gainean zer sektore den gurea baino berdeagoa. Arbolak mozten ditugu, baina lehen interesatuak gara berriz landatzeko. Mendia garbitzen dugu, zaintzen. Eta zero kilometroko produktu birziklagarriak eskaintzen ditugu.

Ingurumenaren zaintza landatzen den espeziearen araberakoa izango da, ezta?

Europan aspaldi gainditu zuten eztabaida hori. Gure industriak koniferoen zura eraldatzen du nagusiki, radiata pinuarena. 1996arekin konparatuta, 2022an 36.600 konifero hektarea gutxiago zeuden; aldiz, 43.000 hostozabal hektarea gehiago. Biodibertsitatearen barruan, gure beharrak ere egokitu beharko lirateke.

Hostozabalen azalera eukaliptoengatik handitu da, bereziki.

Ezjakintasun handia dago. 1996an, 10.000 hektarea eukalipto zeuden, eta gaur egun, 25.000. Baso azaleraren %7 inguru baino ez. Espezieari baino gehiago, basoen kudeaketa iraunkorrari erreparatu beharko genioke.

Zuraren industria ere iraunkorra da?

Gu ere ari gara balio erantsi handiagoko produktuak eskaintzeko lanean. Baina denontzako tokia dagoela uste dugu. Hemen ekoizten ditugun produktu batzuk ekoizteari utziko bagenio, kanpotik ekarriko genituzke. Horri buruz ere hausnartu beharko genuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.