Irlandak ez du laguntzarik eskatu, eta Europako Batasunak ez dio emango, Europako Batasuna bera (EB), Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) emateko prest dauden arren. Atzo bazirudien arazoari erdibideko konponbidea aurkitzeko lanean ari zirela: laguntza eman bai, baina finantza sistemaren zuloa estaltzeko. Brian Cowen Irlandako lehen ministroak berretsi egin zuen ez dutela defizit publikoa ordaintzeko laguntzarik eskatu, baina ateak irekita utzi zituen bere bankuak salbatzeko dirua jasotzeari. Euroguneko finantza ministroak atzo eztabaidatu zituzten Irlandaren egoera eta balizko laguntza baten nondik norakoak. 50.000 eta 100.000 milioi arteko mailegua jaso zezakeela aipatu zen egunean zehar. Azkenean ez. EBk oraingoz «fedea» du Irlandak defizita murrizteko aurkeztuko duen lau urteko planean. 15.000 milioi euroko ahalegina. Irlandak egoera zuzentzeko negoziazioetan jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Irlandak laguntza onartuko al du?
Jasaten ari den presioarekin, miraria da ez onartzea, baina oraingoz mirarian sinesten du. Dublingo Gobernuak arrazoi guztiz esaten du ez duela dirurik behar, 2011 erdialdera arte bere zorrak pagatzeko adina gorde duela kutxetan. Baina benetako arazoa bankuetan du Irlandak: laguntza publikorik gabe guztiak hondoratuta leudeke honezkero, eta faktura handitzen ari zaionez -50.000 milioi edo BPGaren %32 aurten soilik-, Dublin guztia estaltzeko gai izango ote den ez dago garbi. Horregatik, azkenean baliteke Irlandak dirua bankuak kapitalizatzeko baliatzea.
Zergatik presionatzen dute EBk eta EBZk?
Europako Batasunak nahi du Irlandak dirua jasotzea, hartara finantza merkatuek zor subiranoan egiten duten presioa arintzeko -eta orain dirua eskatu behar dutenei interesak ez igotzeko-, eta zorrak pagatzeari buruzko zalantzak beste herrialde batzuetara ez kutsatzeko. Europako Banku Zentralak bi arrazoi nagusi ditu: batetik, zalantza giroak kalte egiten dio euro eremuaren egonkortasunari; bestetik, EBZ bera ari da Irlandako banku gaixoak bizirik mantentzen, eguneroko gastuetarako behar duten likidezia ematen. Uneotan, EBZk utzitako diruaren laurdena jasotzen dute Irlandako bankuek -130.000 milioi euro-, nahiz eta herrialde hori ekonomiaren %2,5 baizik ez den. Bankuak bere kasara jarraitu ahal izatea nahi du EBZk. 2011ko azken hiruhilekoan finantza erakundeak laguntzeko zenbait neurri kendu edo gutxitu nahi ditu.
Nor da hurrena?
Portugal. Lisboako gobernuak aitortu du Irlanda laguntza hartzera behartzen badute, finantza merkatuen eta EBko bazkideen presioak bere atea joko duela hurrena. Portugal ari da Greziaren eta Irlandaren ondoren interes tasa handienak pagatzen, eta egoera ekonomiko txarrean dago aspaldi. Baina urduri daude Espainia eta Italia ere, Portugalen domino pieza erortzen bada, hurrenak beraiek direlako. Espainiak udaberrian egin zion ihes motelen taldeari -lan erreformari eta gastu murrizketa handiari esker-, baina etxebizitzaren burbuilaren leherketari lotutako lau zama handi garraiatzen ditu: langabezia handia, berregituraketa amaitu ez duen finantza sistema, hazkundea eragiteko sektoreen ahultasuna, eta produktibitate eskasa. Eta Italia? Zor publikoaren gaitzarekin bizi da aspaldi, eta orain arte nola edo hala iraun badu ere, ez da beti onik aterako.
Zein ondorio izango lituzke dirua onartzeak?
Alde batetik, harrotasun kontu bat dago. Tigre Zeltiarra duela urte batzuk hil zitzaiela badakite -kolesterolak jota, mihi gaiztoek diotenez-, baina berriro «atzerritarren» menpe egotea kolpe gogorra da Irlandaren nazio harrotasunarentzat. Umiliagarria ere izan daiteke, teorian EBko estatu aberatsenetan hirugarrena denarentzat. Bestetik, ondorio praktikoak daude. Egonkortasun Funtsa ez da doakoa. Interesekin itzuli behar den mailegua da, eta defizita murrizteko neurri gogorrekin irentsi egin behar da. Alde horretatik berritasun handirik ere ez dago, Dublin ez baita txikikeriekin aritu: langile publikoen soldatak batez beste %6,5 jaitsi ditu, pentsioak eta gizarte laguntzak txikitu ditu, inbertsioak geratu... Baina Alemaniaren eta Frantziaren begipuntuan Irlandaren sozietate zerga dago, %12,5ekoa baita, EBko txikiena. Inbertsioak erakartzeko eta Irlanda atzerapen historikotik ateratzeko oso tresna baliagarria izan da Dublinen iritziz, baina lehia desleiala inbertsio horiek ihes egiten ikusi dituztenentzat. Ehun multinazional handienetatik 70ek Irlandan dute Europako adarren egoitza.
Nori egingo lioke kalte Irlandak ez pagatzeak?
Batez ere atzerriko bankuak. Zor publikoaren ia %85 uhartetik kanpoko inbertitzaileek dute, oso kopuru handia beste herrialde batzuekin alderatuta.Zor pribatua ere gehituz gero, Erresuma Batuko bankuek 164.000 milioi euro zituzten Irlandan jarrita, 151.000 milioi Alemaniakoek eta ia 84.000 milioi AEBetakoek.
Ez al da hobe bankuek porrot egitea?
Banku handiek porrot egiteak ekonomian zein ondorio kaltegarri eragiten dituen oso garbi utzi zuen Lehman Brothersek. Horregatik, krisiaren hasieran, Irlandako Gobernuak erabaki zuen bere bankuen zor guztiak bere gain hartzea. Erabakia aurpegiratu diote oposizioak eta ekonomista gehienek, eta seguru behin baino gehiagotan damutu dela. Bankuak «Irlandaren sinesgarritasuna»laguntzeko s zuen Cowen lehen ministroak, baina orain estatua bera hondoratzen ari da, eta herritarren zergekin eta gizarte zerbitzuekin pagatzen ari da.
Ez estatuari, ez bankuei
Irlandako Gobernuak oraingoz ez du jasoko laguntzarik, Europako herrialdeek laguntza hartzera bultzatu arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu