Enplegua. ZF-TRWren lan gatazka. Josi Alvarez. ZF-TRWko enpresa batzordeko presidentea

«Ezinezkoa da ituna negoziatzea mahaian 250 kaleratze izanda»

Babes zabala jaso du TRWko 250 kaleratzeen aurkako manifestazio deialdiak. Espedientea atzera botatzea eta lan hitzarmenari buruz normaltasunez negoziatzea eskatzen du, «mehatxurik gabe»

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela urtebete, «Olentzerorekin», agertu zen Paul Parnham TRWren Landabengo zuzendaria Iruñean. Langileek ez zekiten nor zen. Geroago jakin zuten TRWren Livornoko (Italia) eta Dijongo (Frantzia) fabrikak itxi zituela. Josi Alvarez langileen batzordeko presidentearen arabera (Donostia, 1976), «ardi larruko otsoa da». Parnhamek esan die 250 langile kaleratzeko espedientea ezinbestekoa dela eta negoziazio kolektiboa lan harremanak arautzeko formula zaharkitua dela. «XIX. mendera itzuli nahi du», dio Alvarezek. Haserre dago, 250 familien etorkizunarekin jolasten dabilelako Parnham. «Hari bost axola zaio. Lehenbailehen egin nahi du dena, eta desagertuko da». Multinazionalen xantaia salatzeko bihar 17:00etan Iruñetik aterako den manifestaziora joateko deia egin du.

Nola daude langileak uneotan?

Lau orduko lanuzteak egiten ari gara. Langileak hasieran shock egoeran zeuden, gero suminduta, eta orain, gutxienez, eskertuta gaude Nafarroako herritarrek emandako erantzuna ikusita. Pozik gaude erakundeek eta sindikatuek gure egoera salatzen dutelako eta irtenbide bat bilatu nahi delako, baina ez soilik guretzat.

Biharko mobilizazioari begira, alderdi guztiek bat egin dute.

Krisitik ateratzen ari ginela esaten ziguten, baina mundu guztiak ikusten genuen ezetz. Berriro ere langabeziaren gaitz horretara itzultzea gaur egun gerta litekeen txarrena da, hipoteka ordaindu behar duzulako, familiari eutsi behar diozulako eta zure bizigaiarekin jolasten ari direlako. Ez gara mintzo egoera zailean den enpresa bati buruz. Multinazionalak dira, eta finantza ingeniaritza bidez nahi dutena egiten dute.

TRWk Espainian irabaziak ditu, baina Iruñean galerak dituela aipatzen du. Zail egiten zaizue hori egiaztatzea?

Enpresak nahi dituen datuak ematen dizkigu. Merkataritza Erregistroan 100 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta 60 milioi akziodunen artean banatu zituzten. Ez du gizartean berriz inbertitu. Gizarte ekintzarik ez du.

Zer inbertitu du azken hamar urteetan?

Ezer ere ez. Duela hiru urte, lan hitzarmen bat sinatu genuen, eta ziurtatzen zuen oraingo teknologia hobetuko zuela. Ez dut esango produkzio guztia zaharkituta geratu dela, baina hamar urterako industria plan baterako konpromisoa hartu zuten. Baldintza batzuk eskatu zizkiguten; soldatak izoztu eta beste esfortzu batzuk egin genituen langileok. Enpresak esan zuen posizio onean ginela talde barruan. Orain, engainatu gaituztela ikusi dugu. Ez dute errespetatu sinatutakoa.

Asteartean bigarren bilera izan zenuten zuzendaritzarekin. Nolakoa izan zen?

Konpainiak esan zigun ez duela 250 langile kaleratzea beste irtenbiderik ikusten, baina esaten digu ere proposamen bat egiten badugu aztertuko dutela ea irtenbiderik ematen ote duen. Honekin zer esaten ari zaigu? Kaleratzeak murriztu nahi baditugu, gu izan gaitezela irtenbidea ematen diogunak.

Espediente horren ondorioz, erlojuaren aurkako lasterketa batera behartu zaituztete. 30 egun baino gutxiago dituzue.

Ezinezkoa da lan ituna negoziatzea 250 kaleratzeen espedientea mahai gainean izanda. Gainera, bere jokoan sartzen zara, eta ez duzu etorkizunik ikusten. Zer etorkizun du ZF-TRWk Iruñean? Zer inbertsio egingo du? «Bat ere ez, baina fidatu zaitez gurekin», esaten dizute. Nola fidatuko gara?

Nor da Paul Parnham?

ZF-TRWk enpresa likidatzeko bidali duen gizona da. Berak dio fabrika batzuk ere suspertu dituela. Zeintzuk izan diren galdetu diogu, baina, gaur-gaurkoz, ez du jakin erantzuten. Gizon hau bizkartzainekin etortzen da, eta etengabe enpresa batzordearen eta langileen probokazioa bilatzen du. Gu ez gara haren probokazioetan sartuko. Haren gezurrak eztabaidatuko ditugu. Adibidez, esan du 51 opor egun ditugula, eta hemen dudan lan egutegian ageria da hori gezurra dela.

Zer estilo erabiltzen du?

Ardi larruko otsoa da. Urtebete eman du esanez Iruñeko planta mailaz igo nahi zuela, eta, egiazki, oraingo jokalekua prestatzen egon da. Produkzio lineak etengabe gerarazi ditu, mantentze lana azpikontratatu du, kostuak aurrezten zirela esanez, baina jakinda han zeuden pertsonak ezinbestekoak zirela denak egoki funtziona zezan. Azkenean, gatazka egoera baterako prestatzen izan da.

Elkarrizketa batean proposatzen du langileak talde bereko kide direla, baina lan hitzarmenak zaharkituta daudela eta sindikatuak ez direla beharrezko…

Bere burua deskribatzen ari da. Nola fidatuko zara pertsona horrekin esaten badu negoziazio kolektiboak ezertarako balio ez duela eta elkar fidatzen ez diren pertsonen arteko idatziak direla?

Fedea izateko eskatzen dizue.

Kaleratze traumatikorik gabeko irtenbide bat bilatzeko fedea badugu, baina fabrikak itxi dituen batek fedea eskatzea ere...

Orain diozu egoera 2013koa baino okerragoa dela. Zergatik?

Duela bi urteko negoziazioaren joko eremua sinplea zen: hiru hilabeteko elkarrizketa genuen, eta ez genuen kontratuak eteteko espediente baten presiorik TRWn beti izan dute mania hori: zenbat langile kaleratuko lituzketen akordio batera heltzen ez bagara. Orduan hori zen aukera: hau edo bestea. Orain desberdina da: kaleratzeak lehenik, eta gero lan hitzarmena.

Parlamentuan asteartean aipatu zen espedientea gaizki eginda dagoela eta negoziaziora begira egin dela. Hala dela uste duzu?

Espedientea aholkularitza etxe batek egin du, eta dirutza gastatuko zuten, baina ez dago ondo eginda. Arazoa ez da espedientea ondo edo gaizki eginda dagoen, baizik eta norekin ari garen negoziatzen. Guk negoziazio eredu normalizatu bat nahi dugu eta espedientea atzera bota dezala.

Zer eskatzen diozue Nafarroako Gobernuari?

Otsailaren 2an Manu Aierdi lehendakariordearekin bilduko gara. Eskatzen diogu inplika dadila gehiago eta egiazta ditzala zer inbertsio egin dituen azken urteetan, eta, ikerketa eta garapenari dagokionez, non dagoen TRW. Industria Ministeriora eta Europako Parlamentura heldu nahiko genuke, eta, batez ere, ZF-Europara. Talde honek TRW erosi zuen 2015ean, eta lan eredu desberdina du. Jakin nahi dugu hau benetan ZFren plan bat den, edo TRWrena.

Zer garrantzi du manifestazioak?

Langileentzat, familientzat eta enplegua galtzeko arriskuan gaudenontzat historikoa izan daiteke. Alderdi guztiak daude bat eginda, salbuespenik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.