Fabrika lehertzearekin mehatxatu dute New Fabriseko langileek

Chatelleraulteko auto osagaien enpresako beharginek 30.000 euroko kalte-ordaina eskatu dute

Agentziak
Paris
2009ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uztaila amaitu baino lehenago 30.000 euroko kalte-ordaina jasotzen ez badute Chatellerault hirian duten fabrika (Vienne, Frantzia) lehertuko dutela iragarrri dute New Fabris enpresako langileek.

New Fabrisek autoentzako osagaiak egiten ditu, Renaultentzat eta PSA Peugeot-Citroenentzat bereziki, eta likidazio prozesuan dago ekainaren 16az geroztik. Langileek uste dutenez, autogileei dagokie kaleratzeen kalte-ordaina ematea, azpikontrata gisa lan egin dutelako haientzat. PSAk eta Renaultek, berriz, ziurtatu dute beraiei ez dagokiela diru hori pagatzea, enpresako akziodunei edo administratzaile judizialak erabakitzen duenari baizik. Renaulteko buruak etzi elkartuko dira 336 langileen ordezkariekin.

Guy Eyermann langile batzordeko idazkariaren arabera, dena prest dute lantegia leherrarazteko. Fabrikaren inguruan elkarri lotutako gas botilak jarri dituzte. «Fabrikatik zerbait berreskuratu nahi badute, eskatzen dugun kalte-ordaina eman behar digute. Ez badigute ezer ematen, dena galduko dute», azaldu dio Eyermannek France Info irratiari. Haren arabera, lantegi barruan dauden osagaiek bi milioi euro balio dute, eta beste hainbat Renaultek erositako makina berriak.

Krisiak Frantziako langileen protesta neurriak gogortu ditu. Udaberrian sei ugazaba bahitu zituzten, besteak beste, Caterpillarren eta Sonyn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.