Fagor Etxetresnen egoitza izan zena erosi du Ekidek, hamabost milioiren truke

Ingeniaritza eta industria-fabrikazio jarduera osoa San Andresko plantan jarriko du Arrasateko enpresak. 80 lanpostu sortuko ditu inbertsioak

Fagor Etxetresnak kooperatiba historikoaren egoitza izan zen San Andresko fabrika handia. X. MARTIN.
xabier martin
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Kooperatiben ikur izandako Fagor Etxetresnak ohiaren egoitza nagusia erosi du Ekide Group ingeniaritzak, Arrasateko San Andres auzoan (Gipuzkoa). Garai batean euskal industriaren abangoardia izan zenaren zoruan haziko da datozen urteetan Ekide taldea, erakutsita Arrasateko industria ingeniaritza hori gero eta gihar handiagoarekin ari dela. Hamabost milioi euro inbertitu ditu enpresak industria azpiegitura historikoa erosteko, azpiegitura zaharberritzeko eta makineria erosteko; 58.000 metro koadroko esparrua da, eta 2023. urterako bere jarduera guztia jarriko du han. Inbertsio horrekin batera, datozen lau urteetan 80 lanpostu sortzeko plana dauka enpresak. Industria fabrikazioa ere bere gain hartzen du Ekidek, eta, gaur egun, 225 beharginek osatzen dute lantaldea. 2021ean, 35 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, besteak beste Irizar, CAF, Talgo, Gestamp, Mayer eta Siemens Mobility edukita bezero gisa.

 

2014. urteko uztailean likidatu zituzten Fagor Etxetresnen jabetzak, konkurtso fase traumatiko baten ostean, eta, horri esker, zorren zati bat jaso zuten porrot egindako enpresa handiaren hartzekodun gutxi batzuek; beste askok ez zituzten sekula berreskuratu galerak. Kataluniako CNA taldearen aldeko adjudikazioa erabaki zuen Donostiako Merkataritza arloko epaile Pedro Malagonek, 42,5 milioi euroko eskaintza ontzat jota. Aljeriako Cevital multinazionala izan zen beste hautagai sendoa, baina motz geratu zen egindako eskaintzan.

San Andres eta Garagartza

Kontua da Fagor Etxetresnak ohia alokairuan ari zela San Andresko egoitza nagusian, 2013an porrota gero eta argiago iritsi zitzaionean; planta handia Ekimen Berri Kudeaketa enpresak erosi baitzuen 2011. urtean, Mondragon korporazioaren sozietate batek. Horregatik ez zen sartu kooperatiba historikoaren likidazioan: ez zen haren jabetza. Orain, berriz, Mondragonekin egin du akordioa Ekide Groupek, hamabost milioi euroren truke San Andresko instalazio erraldoiak erosteko.

Garagartzako fabrika handia ere (Arrasate) Ekimen Berri Kudeaketarena zen, ez Fagor Etxetresnak ohiarena, eta CNA taldeak han egin zuen etxetresnen alorrean Fagor marka suspertzeko saio antzua, alokairu baten truke. Beste industria jarduera batzuetan oso marka preziatua da oraindik ere Fagor, izen bereko taldean dauden kooperatiba indartsuei esker: besteak beste, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Automation, Fagor Porfessional (Industrial) eta Fagor Electronica. Orain Dikar kooperatibarena da Garagarza, iazko hondarrean egindako erosketa operazio bati esker.

Ekide Group duela 30 urte sortu zuten, Arrasateko Mondragon Unibertsitatean, hiru langileren egitasmo bati esker. Zenbakizko kontroleko makinekin abiatutako enpresan, egun, ingeniaritza eta fabrikazio industriala egiten dute, kontrolerako gaiak eta robotika. Hedatze prozesu indartsu batean da Ekide; badu beste lan zentro bat Bizkaian, eta bi atzerrian: bata Mexikon eta bestea Txinan. Fagor Etxetresnak zenaren instalazioak zaharberritu ondoren, balio erantsi handiko ekoizpena garatu nahi du han Ekidek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.