Enpresak

Fagor Etxetresnen likidazio plana onartu du epaileak

Lantegi eta markengatik eskaintzak egiteko epea zabaldu da.

Fagor Etxetresnak. San Andreseko lantegia (Arrasate). BERRIA
Iker Aranburu.
2014ko ekainaren 4a
07:52
Entzun

Pedro José Malagón Donostiako Merkataritza Auzitegiko epaileak aldaketa batzuk egin dizkio administratzaileek aurkeztutako planari.

Oraingoz, Kataluniako Catak, Aljeriako Cevitalek eta PHI Industrialek aurkeztu dute interesa Fagorren lantegiak erosteko eta haren markak erabiltzeko. Baliteke hurrengo asteotan interesatu gehiago azaltzea.

Berria-k aurreratu zuenez, Mondragon taldea prest legoke Fagor markaren erabilera doan uzteko enplegu kopuru batetik aurrera bermatzen duen erosle bati. 

«Debagoiena bailaran ahalik eta enplegu gehien bermatzea», hori da Mondragoneko iturrien helburua. Horretarako, berak likidazio planari aurkeztutako helegitean argitu du gutxieneko lanpostu kopuru bat sortzen duenak aukera izango duela Fagor marka erabiltzeko:  200 egosketan (Garagartza, Arrasate), 100 konforten (Geyser, Bergara) eta 50 etxetresna txikien atalean (Eskoriatza). Kopuru horietatik behera ez ditu inork Fagor marka eta patenteak lortuko. Kopuru horretatik gora, royaltiak pagatu gabe jaso dezake erosleak agian Fagorren ondasunik preziatuena dena, bere marka.

Fagor marka ez da berez etxetresnen egilearena, hura eta beste kooperatiba batzuk biltzen dituen Fagor taldearena baizik. Horregatik, marka bera ez dago konkurtso prozesuan sartuta. 

Joan den apirilean eman zitzaion argi berdea Fagor Etxetresnen Frantziako adarraren salmentari. Frantziako eta Espainiako gobernuen interes gurutzatuek operazioa atzeratu zuten, baina azkenean Malagon epaileak askatu zuen korapiloa, Fagorrek Frantzian erabiltzen zituen marken (Brandt, De Dietrich, Sauter...) jabetza Cevitali salduta, 25 milioi euroren truke. Hesi hori gaindituta, Nanterreko Auzitegiko administratzaileak oniritzia eman zion salmenta operazioari, eta Cevitalen esku daude orain garai batean Fagorrenak ziren hainbat lantegi (Vendome, Saint Jean de la Ruelle, Rueil-Malmaison...).  Groupe Brandt du izena orain, eta haren buruzagia Sergio Treviño da, Fagor Etxetresnetako azken zuzendaria. Cevitalek Euskal Herriko plantaren bat lortuz gero, Treviñoren esku geratuko da. Garagartza eta Eskoriatzako lantegiak nahi ditu Aljeriako Cevitalek, eta 12,5 milioi eskaini ditu haien truke. 300 lanpostu gordeko lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.