Fagor taldeko sei mila bazkidek aurten iaz baino %8 gutxiago kobratuko dute aurten. Fagor taldeko Zuzendaritza Batzordeak soldatak jaisteko proposamena egin zien bazkideei, eta bazkide gehienek onartu egin dute, bozka eman zutenen %56,4k. Soldataren jaitsiera aurtengo apiriletik datorren urteko martxora arte aplikatuko diete, taldeak Hego Euskal Herrian dituen hogei lantegietako sei mila bazkideei. Taldeak 18.000 langile ditu mundu guztian.
Zuzendaritza Batzordeak iazko azaroan egin zuen soldata murrizteko proposamena, krisiari aurre egiteko. Hilabeteotan proposamena kooperatibaz kooperatiba eztabaidatu eta egunotan bozkatu dute. Boto kopuru osoa hartu dute aintzat; hau da, kooperatibaren batek murrizketaren kontra bozkatuta ere, gehiengoak proposamena onartu duenez, aplikatu egin beharko du. Historian onartu duten soldaten jaitsiera handiena da, Fagor taldeko Kontseilu Orokorraren esanetan.
Zortzi kooperatibak osatzen dute Fagor taldea: Copreci, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Elektronika, Fagor Etxetresnak, Fagor Industrial, Fagor Ederlan eta Mondragon Assembly.
Atzo jakinarazitakoa ez da Fagor taldeko bazkideek onartutako murrizketa bakarra. Fagor Etxetresnetako langileek uko egin zioten Gabonetako paga bereziari. Fagor Etxetresnak kooperatibak iaz 121.000 euro irabazi zituen, 2007an baino %99 gutxiago.
Fagor taldeko bazkideek onartu egin dute soldatak %8 murriztea
Botoa eman duten bazkideetatik %56,4k egin dute jaitsieraren alde, eta neurriak 6.000 bazkideri eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu