Fagorren lauzpabost hornitzaile, «egoera kritikoan»

Kooperatibari eman zitzaion azken laguntza defendatu du Tapia sailburuak: «Gauza bera egingo nuke orain ere»

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fagor Etxetresnen krisiak lauzpabost hornitzaile «egoera kritikoan» utzi ditu jada. Datua Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak jakinarazi du, baina ez du esan enpresa horiek zeintzuk diren. Fagorren hornitzaile sareari 136 milioi euroren fakturazioa egiten zion urtero kooperatibak, eta gaur egun 42 milioi euro utzi dizkie zorretan.

Eusko Jaurlaritzak Fagorren arazoei buruz egindako lana azaltzeko, agerraldia egin zuen atzo Tapiak Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk eskatuta. Hornitzaileen egoera jakinarazteaz gain, lana galdu duten kooperatibistei beste lanpostu bat emateko prozesuari buruz Mondragonek emandako azken kopuruak eman zituen. Horren arabera, Fagorreko 400 behargin ohi lanean ari dira korporazioko beste enpresa batzuetan. 300 lagun aldez aurretik erretiratzea erabaki dute, eta beste laurehun lagun aurki laneratzeko aukera egongo da. Talde horretan ez daude, oraingoz, Edesako langileak, Mondragonek Fagorrekoei lehentasuna eman dielako. Beste 800 lagunentzako lana bilatzeko konpromisoa du. Aldiz, Grummal enpresako langileak prozesu horretatik at geratuko dira.

Kooperatibari laguntzeko egin diren urratsei buruz luze eta zabal aritu zen sailburua, eta Mondragon korporazioa eta Fagorreko zuzendaritza kritikatu ere egin zituen. Urrian beste bideragarritasun plana aztertu zela nabarmendu zuen Tapiak, bigarrena. 170 milioi jarri behar ziren Mondragonen, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Industria Ministerioaren eta bankuen artean. Akordioa zegoen, eta, besteak beste, zuzendaritza aldatzea aurreikusita zegoen. Frantziako lantegiak ixtea eta hornitzaileen zorra eta bazkideen ekarpenak kitatzea zen asmoa.

Mondragonen ezezkoak bide hori itxi zuen, ordea. «Beste era batera egin zitekeela uste dut, benetan», esan zuen sailburuak, eta erantzukizuna korporazioari egotzi zion: «Ezin dugu ordezkatu bere proiektu propioan sinesten ez duen norbait». Gainbeheraren errua, hala ere, Fagorreko kudeatzaileei bota zien. «Bost urtez 800 milioi galdu zituzten, eta askoz gehiago egin behar zuten».

«Gauza bera egingo nuke»

Era berean, gobernuak aurtengo urtea hasi bezain pronto Fagorri eman zion laguntzari buruz eztabaidatu zen legebiltzarreko batzordean. Kooperatibak 250 milioi euro lortzeko bideragarritasun plana aurkeztu zien erakundeei orduan. Horren barruan 40 milioi Ekarpen eta Socade funtsek jarri behar zituzten, eta Jaurlaritzak horietatik 25 milioi bere gain hartu zituen.

Diru horrekin proiektu zehatz batzuk finantzatu beharrean enpresaren «kutxa premiak» bete zirela aurpegiratu zion Vicente Reyes PSEko legebiltzarkideak Tapiari. Halaber, arriskuen neurketarik eta kontrolik ez zela izan salatu zuen, nahiz eta «argi gorrien konstelazio bat kontrakoa eskatzen ari zen». Tapiak, ordea, esan zuen enpresaren ahalik eta jarduera eta enplegu gehien aurrera jarraitzeko egin zela guztia. «Ondo jokatu genuen orduan, eta gauza bera egingo nuke orain, gertatuko balitz». Finantzaketa emateko erabakia «azkar» hartu zela aitortu zuen sailburuak, baina aurreko gobernuak —Patxi Lopez sozialistarena— antzera jokatu zuela iradoki zuen.

Uneotan gobernuaren lehentasuna erorketaren ondorioekin lehiatzea da. Ildo horretan, bideragarriak izan daitezkeen negozioek aurrera egiteko «inbertsore egokien bila» ari direla ziurtatu zuen. Hori bai, kooperatiba zenatik «parte ez oso handi bat» baino ez dela salbatuko uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.