Faktura, noren kontu?

joxerra senar
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
G20koen goi bileratik inork ez zuen ezer espero, eta gidoia bete egin da. Azken agiri bateratua porrota apaintzeko modu bat baino ez da. Diplomaziaren antzezpena, ogi apurrak soilik lortzeko. Izan ere, azken agirian G20ko herrialdeek exijitzen dute (Txinari erreferentzia eginez) dibisa baten truke tasa ezin dela lehia arrazoiek eskatzen duten «oreka maila baino beherago» egon; eta «arretaz» jarraituko dituztela erreserbatzat hartzen den dibisaren (hots, dolarraren) nondik norakoak.

Oso ondo, eta orain, zer? Ezker-eskuin, goitik eta behetik, hamaika aldiz jada esan zaio Txinari yuanaren truke tasa behar baino beherago dagoela, baina horrek ez du Txinaren politika aldaraziko. Erreserba Federalak, berriz, dardarka behar du dagoeneko gainontzeko herrialdeek arretaz jarraitzen diotelako bere diru politikari. Baina esaldi hutsal horrekin soilik ezerezetik beste 600.000 milioi dolar sistemara isurtzeko bere asmoetan ez du atzera egingo. Hots, ez G20koek, ez Nazio Batuen Erakundeak, ez NDFk, ez inork ez du benetako ahalmenik zer egin behar den ezartzeko.

Arazo konplexu horren konponbidea oso zaila da. AEBek Txinari exijitzen diote yuanaren trukea %30 inguru igotzeko, baina Txinak ohartarazi du horrek milaka enpresa eta milioika langile bidaliko lituzkeela langabeziara. Munduari ez zaio komeni Txinako ekonomia zuloan erortzea, baina ez zaio komeni AEBak deflazioan erortzea eta leporaino zorpetuta dagoen barne kontsumoa erortzea. Hala ere, bi superpotentzien politiken aurrean, gainontzeko herrialdeak ere ezin diraeuren ekonomiak nola kaltetzen diren begira zain geratu.

Batzuen zein besteen interesen talka horretan orekaren argia aurkitzea zaila bada ere, suarekin jolastzea da krisiaren ordaina besteei pasa nahi izatea. Historia liburu guztietan dator Depresio Handiko akatsik handiena izan zela herrialde batek besteari errua bota nahi izatea, eta, zoritxarrez, egoera horretarantz goaz. Hori eragozteko aukera bat galdu da Seulen. Gauza bat soilik atera da argi handik. Krisi honen sorburuan den finantza sistemak ez du ordainduko faktura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.