Zerbitzuen sektorean aritzen dira, ez dute langilerik kontratatuta, 40 eta 54 urte artean dituzte, orain bost urte baino gehiago hasi ziren negozioan eta gutxieneko oinarrian kotizatzen dute. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ezaugarri horiek dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile autonomoek. Eta krisia hasi zenetik, «ahaztuta» eduki dira. Kalteak samurtzeko, Jaurlaritzak 10,5 milioi euroko plana onartu du. Euren menpe langilerik ez duten 6.300 autonomok jaso ahal izango dutela dirua kalkulatu dute.
Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak aurkeztu zituen laguntzak atzo. Hiru motatakoak izango dira. Alde batetik, Gizarte Segurantzaren gastuei aurre egiteko 4,5 milioiko partida hitzartu dute. Langile autonomo bakoitzak 1.125 euro jasoko ditu kasu horretan. Horretarako, ordea, azken urteetan baino %30 gutxiago fakturatu dutela frogatu beharko dute.
Bestetik, langileak kontratatzeko laguntzak emango dizkie Jaurlaritzak autonomoei. Gehienez sei hilabetean, hartutako langilearen Gizarte Segurantzako gastuak ordainduko dizkio enpresari. Gutxienez sei hilabeteko kontratua egin beharko zaie langileei, eta lanaldi erdian baino gehiagoan. Azken urtebetean norbait kaleratu dutenek ezingo dute laguntza eskatu. Era berean, beharrezkoa izango da kontratatutako langilea gutxienez hiru hilabetean langabezian dagoen norbait izatea. Mota horretako laguntzak 650 autonomok eskatu ahal izango dituztela uste du Jaurlaritzak, eta milioi bateko aurrekontua edukiko dute.
Azkenik, negozioa utzi behar izan dutenentzako laguntzak jarriko ditu indarrean. 450 euro jasoko dituzte hilean, eta trukean formazio plan bat egin beharko dute, gehienez sei hilabetean. Laguntza horrekin, langileak birziklatzea eta berriro ere lan merkatuan sartzea nahi du Jaurlaritzak. Bost milioi euroko aurrekontua izango du neurriak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publikatu ostean jarriko dira indarreanlaguntza guztiak, eta urtebetean egongo dira indarrean. Zabaletak ez du baztertu diru gehiago ematea, baldin eta laguntzak lehenago amaitzen badira.
ATA langile autonomoen elkarteak gustura dago Jaurlaritzaren erabakiarekin. «Jarduerari eusten laguntzeaz gain, enplegu berriak sorraraziko ditu. Gainera, lanik gabe geratzen direnek prestakuntza izango dute», azaldu du.
Fakturazioa %30 jaitsi zaien autonomoek 1.125 euroko laguntza jasoko dute
Eusko Jaurlaritzak 10,5 milioi euroko plana onartu du 6.300 langile autonomori laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu