Ekonomia

Familiak ezkorrago daude ekonomiaren egoerarekin

Laboral Kutxaren azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek ez dute erosketa handiak egiteko asmorik.

Erosketa egin duen emakume bat, Bilboko Kale Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 17a
13:04
Entzun

Gaur egungo ekonomian, herritarren konfiantza faktore garrantzitsua da, haren arabera mugitzen baita gastuaren parte handi bat, eta gastu horrek pisu handia baitu jarduera ekonomikoan. Bada, alde horretatik oso baikor egoteko arrazoirik ez du ematen Laboral Kutxak hiru hilean behin kaleratzen duen Euskal Kontsumitzaileen Konfiantza azterketak.

Haren arabera, ezkortasuna zabaldu egin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familien artean. Konfiantza indizeak zenbaki negatiboetan darama COVID-19a agertu zenetik, eta okerrera egin du azkenaldian: -7 zen bigarren hiruhilekoan, eta -13 hirugarrenean. Datu hori bera dago Espainian, eta are okerragoa Frantzian (-15), Alemanian (-14) eta EB osoan (-17).

Ohikoa denez, familiak ezkorrago daude egoera ekonomiko orokorrarekin (-25), beren egoera propioarekin baino (-16), baina zenbaki batek zein besteak okerrera egin dute. Halaber okertu da langabeziari buruzko kezka (-6), nahiz eta lanik ez dutenen kopuruak beherantz jarraitzen duen.

Ezkortasun horren ondorioz, ugaritu egin dira hurrengo hamabi hilabeteetan gutxiago erosiko dutela diotenak, %27tik %29ra. Gehiago erosiko dutenak, berriz, %20tik %17ra igaro dira.

Erosketa handietarako gogoa ere apaldu da. Hurrengo urtean etxebizitza bat erosiko dutela ziurtzat jotzen dutenak %0,9 baizik ez dira (%1,1, bigarren hiruhilekoan); auto bat erosteko asmoa dutenak, berriz, %3,9 (%4,8).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.