Zorraren krisia. Grezia

Finantza ministroa aldatuta, gobernu krisia gainditzen saiatu da Papandreu

Konfiantza mozioa gainditzeko eta austeritate neurri berriak ezartzeko gehiengoa du oraingoz

Erredakzioa
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ekonomia hondoratuta, herritarren konfiantza galduta eta bere alderdiaren barne mailako iraultza batek mehatxatuta ere, agintean jarraituko du Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak. Azken egunetako ekaitza gainditzeko asmoz, ministro ugari aldatu ditu gobernuak. Aldaketa nagusia Finantza Ministerioan gertatu da. Hogei hilabeteren ondotik, Giorgos Papakonstantinuk kargua utziko du, eta haren ordez Evangelos Venizelos izendatu dute, orain arte Defentsa ministroa izan den pertsona.

Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartutako erreskatea martxan jartzeak ez du Greziarenganako mesfidantza uxatu. Atzo arte erreskatea handitzeari buruz Europako Batasunean egondako zalantzek are gehiago zaildu dute Greziaren egoera. Horrez gain, gobernuak defizita murrizteko hartu dituen austeritate neurri zorrotzek herritar askoren protesta eragin dute. Asteon, grebak eta istiluak izan dira, eta Atenasko Sintagma plaza hartu dute berriro Greziako haserretuek, politikariei aurka egiteko.

«Azken 40 urteetako krisi larriena igarotzen ari gara, eta elkartasuna nahiz adostasuna behar ditugu hortik ateratzeko», eskatu zuen Papandreuk Ministro Kontseilu berriaren aurrean egindako hitzaldian. Finantza ardura galdu arren, Papaconstantinuk gobernuan jarraituko du, Ingurumen eta Energia Ministerioaren buruan. Moldaketaren beste biktima bat Luka Katseli Enplegu ministroa izan da. Bozeramailea eta guzti aldatu du gobernuak, mezua eta itxura eraldatzeko asmoz.

Kontzentrazio gobernurik ez

Papandreu kontzentrazio gobernu bat osatzen ahalegindu da oposizioko alderdi nagusiarekin, krisiari aurre egiteko helburuarekin. Haatik, zentro-eskuineko Demokrazia Berria alderdiak eskaintza errefusatu zuen. PASOK alderdiaren barruan ere erreboltari aurre egin behar izan dio Papandreuk. Legebiltzarkide talde esanguratsu batek — 35 inguru — zalantzan jarri du lehen ministroaren lidergoa. Gainera, PASOKeko hiru legebiltzarkidek Atenasko ganbera uztea erabaki dute, nahiz eta haietatik bik kargua alderdiaren esku utzi.

Arazoak arazo, datozen egunotako erronkak gainditu ahal izateko gehiengoari eusten dio lehen ministroak, oraingoz. Lehenik eta behin, konfiantza mozioa igaro beharko du Legebiltzarrean. Saioa igandean hasiko da, eta bozketa astearte gauerdirako espero dute. Papandreuk 155 boto ditu ganberan, gehiengo osoa beraz, 300 hautetsi dituen ganberan.

Gehiengo horretan oinarrituta, austeritate neurri gehiago martxan jarri nahi ditu Greziako Gobernuak. Presio fiskala handitzea, gastu publikoa murriztea eta enpresa publikoak pribatizatzea dira ardatz nagusiak. Neurri horien bidez 78.000 milioi euro aurreztu nahi dituzte. Albiste txarrak erreskadan datozkio gobernuari, eta ez bakarrik kapital merkatuetatik. Langabe kopurua igo da berriro urte hasieran. Gaur egun, 792.000 lagun dira, populazio aktiboaren ia %16.

Gobernu krisiak ez du oposizioaren ezinegona baretu. Giannis Michelakis Demokrazia Berria alderdiko bozeramaileak «aurpegi berak birziklatzea» egotzi zion Papandreuri. «Herrialdea salbatzeko gobernua osatu ordez, porrot egin duten politika berdinekin jarraitzeko gobernua eratu dute». Oposizioko beste alderdiek ere kritikekin erantzun diote PASOKen azken mugimenduari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.