Ekonomia

Finantza sistema arautzeko erreforma adostu dute AEBetan

1929ko krisiaz geroztik egindako aldaketarik sakonena egitea hitzartu dute Kongresuak eta Senatuak. Hurrengo astean izanen da bozketa Kongresuan.

2010eko ekainaren 25a
15:45
Entzun
Historikotzat jo dute AEBetan Kongresuak eta Senatuak gaur lortutako akordioa. Hogei orduko bilkuraren ondotik, finantza sistema arautzeko erreforma adostu dute.1929ko krisialdiaz geroztik adostutako erreformarik sakonena da. Hurrengo astean bozkatuko dute akordioa Kongresuan.

Erreformak finantza sistemaren arlo anitzi eraginen die: kontsumitzaileen babeserako neurriak onartu dira, Gobernuak diru merkatua kontrolatzeko ahalmena izanen du, bankuei debekatu eginen zaie merkataritza operazioetan euren kabuz aritzea, eta lehenengo aldiz eratorritako merkatuak arautuko dira.

Barack Obama presidentearen agintaldiko helburuetako bat da gaur Kongresuko eta Senatuko ordezkaritza banak adostu dutena. Errepublikarrek birritan blokeatu dute erreforma Senatuan, eta, azkenean, iragan maiatzaren 20an lortu zuten demokratek aitzinera ateratzea. Bi ganberetako ordezkaritzek azken bi asteak eman dituzte negoziazioetan.

Obama: "Nik proposatutakoaren %90a biltzen du erreformak"

Obamak gaur erran du berak proposatutakoaren "%90a" biltzen duela erreformak. "Gure herrialdeak Depresio Handiaren garaitik izan duen finantza erreformarik handiena da hau". Presidentearen arabera, "kontsumitzaileek inoiz izan duten babes finantzero handiena" izanen dute hemendik aitzinera, eta hipoteka enpresek "arauak bete beharko dituzte, eta informazio zehatza eta argia eman".

Obama Kanadara joan da gaur, G8aren eta G20aren goi bileretan parte hartzeko. G8a gaur bertan bilduko da, eta G20a, berriz, bihar eta etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.