Urtarrilaren 1etik aurrera, ekonomiarentzat arriskutsuak izan daitezkeen jokaldiak atzemateko alerta sistema izango du Europako Batasunak. Horrez gain, hiru agintaritza sortzea hitzartu du Europako Parlamentuak: lehenengoa, banku eta aurrezki kutxak gainbegiratuko dituena; bigarrena, burtsan kotizatzen duten sozietateak gainbegiratuko dituena; eta hirugarrena, aseguru etxeak gainbegiratuko dituena. Aurrerantzean ere, herrialde bakoitzak izango du bere finantza sistema kontrolatzeko ardura eta haren gaineko erantzukizuna. Herrialdeetako gainbegiratzaileen arteko koordinazio lanak, ordea, agintaritza berriek egingo dituzte.
«Finantza erakundeek inolako araudirik gabe zergadunen kontura apustu egiten jarraitzea da eragotzi nahi dena». Hala azaldu du Europako Parlamentuko presidenteak. Haren irudiko, arau berriak hori bermatzeko gai izango dira. EBko ekonomia hondoratu zutenei ematen zaien lehen erantzun seriotzat jo dute, berriz, legebiltzarkideetako askok.
Estrasburgon bildutako parlamentari gehienek babestu dituzte finantzak gainbegiratzeko neurriak. Baina, gehiengoaren baiezko horren atzetik, urtebeteko negoziazioak daude. Europako Parlamentuak sekulako ahaleginak egin ditu gobernuak konbentzitzeko, ez baitzeuden prest agintaritza berriei bote handirik emateko.
Hasieran, herrialde guztietarako balioko zuten arau batzuk sortzea, arriskua kalifikatzen duten agentziak gainbegiratzea eta mugaz gaindiko finantza erakundeak tarteko direla herrialdeen artean sortzen diren liskarretan bitartekari gisa aritzea bakarrik izatekoak ziren agintaritza horien egitekoak. Baina, Europako Parlamentuak egindako presioaren ondorioz, haiei botere handiagoa ematea onartu dute 27 herrialdeetako gobernuek. Horiek horrela, finantzen egonkortasuna arriskuan jar dezaketen eragiketak aldi baterako galarazteko eskumena izango dute, short selling-ak kasu. Gainera, larrialdi egoeretan, bankuak erabaki jakin batzuk hartzera behartu ahal izango dituzte, baldin eta Europako Batasuneko legedia hautsi badute.
Eskumenak mugatuta
Kontrara, inoiz ezingo dute EBko kideen ardura fiskalei eragin diezaieken erabakirik hartu; hau da, inoiz ezingo dute herrialde bat banku bat diruz laguntzera behartu. Hain zuzen, horixe zen Erresuma Batuaren kezka nagusia, eta bere baiezkoaren truke, klausula bat jartzea eskatu zuen. Segurtasun balazta moduko zerbait da klausula hori, eta azken hitza EBko Ekonomia ministroek dutela gogorarazten du.
Gainbegiratzeko hiru agintaritza horietaz aparte, Arrisku Sistemikoen Europako Kontseilua sortzea ere onartu du Europako Parlamentuak. Ekonomiaren egonkortasunerako arrikustsuak izan daitezkeen mehatxuak begiztatu eta ebaluatzea izango da bere zeregina; hau da,aztertu egin beharko du bankuak behar bezain sendo dauden, burbuilarik sortzeko arriskurik dagoen eta merkatuaren azpiegiturek egoki funtzionatzen duten. Behin arriskuren bat atzemanda, alertak eta jarduteko aholkuak igorri beharko dizkio dagokion herrialdeari edo herrialde taldeari; eta haiek indarrean nola jartzen dituen ikuskatu beharko du. Herrialde bakoitzak erabaki beharko du aholkuei kasu egiten dien ala ez; jaramonik egitea erabakitzen ez duen herrialdeak, zergatiak azaldu beharko ditu.
Kontseilu hori, EBko banku zentral guztietako gobernadoreek, Europako Batzordeko ordezkariek eta hiru gainbegiratze agintaritzetako ordezkariek osatuko dute. Arrisku Sistemikoen Europako Kontseiluaren sinesgarritasunari mesede egingo diolakoan, haren gidaritza Europako Banku Zentraleko presidenteak hartuko du lehenego bost urteetan.
Aldaketak
ORGANOAKBanku eta aurrezki kutxak gainbegiratzeko agintaritza.
Aseguru etxeak gainbegiratzeko agintaritza.
Burtsako sozietateak gainbegiratzeko agintaritza.
Arrisku Sistemikoen Europako Kontseilua.
ESKUMENAK
Esku-hartzeko boterea: Herrialdeetako gainbegiratzaileek egingo ez balute, banku, aseguru etxe eta burtsako sozietateetan esku hartu ahal izango dute.
Arauak: Kapital, arau-hauste eta isunen inguruko irizpideak berdinak izango dira guztientzat.
Arriskuak galarazteko aukera: Arriskutsutzat jotzen dituzten produktu eta jarduerak galarazi ahal izango dituzte.
Kontsumitzaileen defentsa: Enpresa txiki eta ertainak babesteko neurriak onartu dituzte.
Berme funtsak: Dirua jartzen dutenen eskubideak babesteko tasa bat ezarriko diote pasiboari.