Finantzen Institutua ez da banku publiko bihurtuko

Gatzagaetxebarriak dioenez, erakundeak egitura «xumea» izango du eta finantzaketa tresnak kudeatuko ditu

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Finantzen Euskal Institutua ez da EAEn banku publiko bat martxan jartzeko abiapuntua izango. Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren arabera, planteamendu «xumea» izango du erakunde horrek, eta bere egiteko nagusia izango du dagoeneko gobernuak dituen finantzaketa tresna eta baliabideak kudeatzea .

Institutuaren eginbeharrei eta helburuei buruzko agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean sailburuak, EH Bilduk hala eskatuta. Igor Lopez de Munain koalizio abertzaleko legebiltzarkideak kezka agertu zuen aurrezki kutxen eredu tradizionala alde batera utzi eta Kutxabankek hartu duen bideaz. Alde horretatik, finantzaketa eta kreditu emaile publiko indartsua eratzea eskatu zuen, Finantzen Institutua abiapuntu gisa hartuta, Andaluzian edo Katalunian eraikitzen ari diren antzeko erakundeen ildotik.

Ez dutela halako ideiarik buruan argitu zion Gatzagaetxebarriak EH Bilduko ordezkariari erantzunen txandan. «Ez gara kutxa bat ezta banku bat ere. Hori beste erakunde batzuen eginbeharra da». Sailburuaren irudiko, gobernuak dituen eskumenen neurrira egokituko dute institutua.

Sei urtez garatu gabe

Finantzen Euskal Institutua 2008. urteko aurrekontuak onartzeko legearen baitan sortu zen, artean Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela. Esku hartze batzuk egin dituen arren, ez da erakunde gisa garatu. Orain, berriro helduko dio Jaurlaritzak. Josu Iñaki Garai izendatu du zuzendari, eta heldu den urtean lau lanposturekin hornituko du.

Alderdi Popularrak institutua ez dela beharrezkoa aldarrikatu zuen. «Beste tresna batzuen bidez egiten dena errepikatzeko baino ez du balio». PSEtik halako organo batek gaur egun duen babesa zalantzan jarri zuen Juan Carlos Prieto legebiltzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.