Finlandiako Gobernuak gezurtatu egin du lau eguneko lan astearen albistea

Gobernuak argitu du ez dagoela halako asmorik bere gobernu programan. Sanna Marin lehen ministro berriak iazko abuztuan egindako adierazpen batzuk daude nahastearen oinarrian.

Sanna Marin, Finlandiako lehen ministroa. JULIEN WARNAND / EFE
Irune Lasa.
2020ko urtarrilaren 8a
14:47
Entzun

Beharbada Eguberrietako oporren ostean lanera itzuli beharrarekin lotuta, edo, besterik gabe, ia mundu guztiarentzat albiste pozgarria litzatekeelako, azken egunetan ziztu bizian hedatu da albistea: Finlandiako Gobernua 24 orduko lan astea ezartzeko prest zegoela. Europako hainbat egunkaritan agertu da notizia, baita gaur BERRIAn ere. Baina ez da egia; Finlandiako Gobernuak gezurtatu egin du halako asmorik duenik bere gobernu programan.

Nahasmenaren iturrian Sanna Marin lehen ministro berriak joan den urteko abuztuan —oraindik soilik Alderdi Demokratako buru zela— egindako adierazpen batzuk daude. Hitzaldi batean zera esan zuen: «Pertsonek merezi dute familiarekin denbora gehiago egotea, maite dituztenekin, beren aisialdian eta bizitzaren beste esparruetan, esaterako kulturan; hori izan daiteke hurrengo urratsa lan bizitzari dagokionez». Eta egun berean txiokatu zuen: «Lau eguneko lan astea edo sei orduko lan eguna, soldata txukun batekin, utopia da gaur egun, baina egia izan daiteke etorkizunean".

Abenduan bihurtu da Sanna Marin lehen ministro, bost alderdiren sustenguarekin. Eta hark aurretik adierazitako ideiak berriz ere albistegietara itzuli diren honetan, gaizki ulertua etorri da, telefono hautsiarekin bezala, ideiak, asmoak, denborak eta gurariak nahastu direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.