Greba Ipar Euskal Herrian

Florence Lasserre diputatuaren etxe aitzinean piknikatu dute grebalariek

Hirurogei pertsona bildu dira Florence Lasserre (Errepublika Martxan) diputatuaren etxe aitzinean. Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak berrogei egun bete ditu gaur, eta mobilizazioak iragarri dituzte aste honetarako.

Florence Lasserre diputatuaren etxe aitzinera komuneko papera bota dute. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urtarrilaren 13a
18:36
Entzun

Erretreten erreformaren aurkariek ekintza bat egin dute Angelun (Lapurdi) «erretreta duinen alde borrokatzeko». Florence Lasserre (Errepublika Martxan) Pirinio Atlantikoetako departamenduko diputatuaren etxe aitzinean bildu dira, eta bertan piknikatu dute. Joan den asteko batzar intersindikal eta interprofesionalean adostu zuten ekintza. Azaldu dute diputatuari hiru gutun idatzi dizkiotela mugimenduaren hastapenetik, grebalarien "haserrea eta kezka" entzun ditzan. Diputatuak, ordea, ez du erantzunik eman; horregatik erabaki dute haren etxera jotzea. «Hiru aldiz bidali diogu gutuna, eta ez digu erantzunik eman. Herritarron boza ez du entzuten, Frantziako Gobernua itsuki segitzen du, gurekin eztabaidatu gabe», salatu du Julien Delion CGTko sindikatu kideak.

Etxeko atarian Frantziako Poliziak bertara sartzea eragotzi die manifestariei. Errepidean jarri dira sindikatukideak, Jaka Ubelak —Jaka Horien abar feminista— eta Jaka Horiak, eta bazkaria partekatu dute. Ondoren, komunetako papera jaurti dute baratzera, protesta sinboliko gisa. «Mugimenduak segitzen du; Frantziako Gobernuak ez du atzera eginen, baina guk ere ez», esan du Delionek.

Gizarte eragileengan duen «konfiantza erakusteko», Frantziako lehen ministroak orekarako adinaren neurria kentzeko aukera eskaini die sindikatuei, «behin-behinean» bada ere. Edouard Philippek jasoa du erretreten erreforman erretiroa 64 urtera atzeratzea, 2022tik 2027rako epean. Sindikatu erreformisten babesa lortzeko saioa da, azken finean, lehen ministroaren proposamen hori. Izan ere, erreformaren neurri nagusietako batean atzera egiteko prest egonda ere, nekez erakarriko ditu CGT, FO, FSU, Solidaires eta CGC sindikatuak.

Gobernuak egindako iragarpenek ez dute haserrea baretu. Joan den larunbatean milako bat pertsona atera zen karrikara Baionan. Trenbideetako langileek berrogei egun daramatzate greban, eta aste honetan sindikatuek hiru eguneko grebarako deialdia egin dute: bihar eta ostegunean manifestazioak egingo dituzte. Baionan, 10:30ean abiatuko da martxa, geltokitik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.