ZERGA SISTEMA

Fortuna handiak zergapetzeko akordioa egin du Elkarrekin Podemosek EAJrekin eta PSE-EErekin

Tasarik handiena (%3,5) 14,5 milioitik gorako fortuna dutenei aplikatuko zaie. Zergak erreformatu beharra dagoela nabarmendu du EPk: «Askoz gehiago dago egiteko».

BATZAR NAGUSIAK
Gipuzkoako Batzar Nagusiak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 4a
12:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenean bai, fortuna handien gaineko elkartasun zerga aplikatu egingo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EP Elkarrekin Podemosek EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa lortu ostean. Gaur aurkeztu du koalizio moreak akordioa, eta adierazi du tasarik handiena ordaintzeko behar den ondarea 16 milioi eurotik 14,5 milioi eurora jaistea lortu dutela. David Soto Podemosen Antolakuntza idazkariak adierazi du koalizio moreak are zerga handiagoa ezarri nahi zuela, baina akordiorik gabe zerga ez zela aplikatuko Araban eta Gipuzkoan.

Hala, fortunarik handienen tasak moldatu dituzte. Hiru lurraldeetan %3,5 ordainduko dute 14,5 milioi eurotik gora dutenek.12,8 milioitik gorako ondarea dutenek, berriz, %2ko tasa ordainduko dute Bizkaian, eta %2,5ekoa Araban eta Gipuzkoan. Sotok adierazi du «elkartasun zerga» hori herritar gehiagok ordainduko dutela akordioari esker, baita kopuru handiagoa ere.

Zerga hori ez onartzeko EAJren arrazoia zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badagoela ondarearen gaineko zerga, baina Madrilek bultzatutako zerga berria bateragarria izango da aurrez zegoenarekin. Hala azaldu du Sotok: «Ondarearen zergaren egitura indartu beharra zegoen zerga berri osagarria ezarrita, ondare handia dutenek orain arte baino gehiago pagatzeko. PP gogaitu egingo du akordioak, baina guk poza hartu dugu».

Botoen beharra

Urrian iragarri zuten zerga hori aplikatuko zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina EAJk eta PSE-EEk botoen beharra dute Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan. Izan ere, hor ez dute gehiengo absoluturik bi alderdiek, eta Elkarrekin Podemosen, PPren edo EH Bilduren babesa behar dute; azkenean, koalizio morearen alde egin dute EAJk eta PSE-EEk.

Batzar Nagusietan 51 diputatu dituzte, eta, EAJko eta PSE-EEko batzarkideak batuta, 24ko taldea dute bai Araban eta bai Gipuzkoan. Gehiengo absolutua izateko, 26 behar dira, eta EPren botoekin nahikoa zaie, Gipuzkoan bi batzarkide baitituzte, eta Araban hiru.

Zerga erreformaren beharra

Arantza Gonzalez Ezker Anitza-ko Gipuzkoako koordinatzaileak adierazi du zerga berriak ez duela konponduko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen «zerga arazoa»: «Badakigu zerga arloan askoz gehiago dagoela egiteko. Erreforma fiskala egiteko dago Euskadin». Erreformarekin diru gehiago bilduko litzatekeela adierazi du, zerbitzu publikoak indartzeko eta aberastasuna banatzeko balioko lukeen dirua.

Sotok ere erreformaren beharra nabarmendu du. Zerga berria pedagogikoa ere izango dela uste du, aurrekari bat izango delakoan aldaketak egiteko orduan. Haren ustez, hemendik aurrera EAJri kosta egingo zaio zerga hori murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.