Zerbitzu publikoko murrizketen aurka, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek mobilizazioetarako deialdia egin dute datozen asteetarako. Urtarrilaren 26an manifestazioak egingo dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta otsailaren 9an, bestetik, lau orduko lanuzteak egiteko deia egingo dute. Orain arteko elkarteratzeetan Eusko Jaurlaritzako langile publikoei egin diete dei sindikatuek, baina aurrera begirakoetan foru aldundietan eta udaletan aritzen diren beharginei ere egin diete deialdia.
Espainiako Gobernuak abenduaren 30ean onartutako dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 10ean hartutako gobernu akordioaren ondorioz, zerbitzu publikoak eta langileen «lan baldintzen murrizketak onartzen dituzte, eta horrek jende asko zerbitzu eta laguntza gabe utziko du, eta enplegu publikoa suntsitu», Belen Arrondo EILASeko kideak adierazi duenez.
Onartutako neurrien ondorioz, langile publikoen soldatak izoztu egingo dira, «erosteko ahalmena %10 galduz»; 2012an lan eskaintza publikorik ez da plazaratuko, ezta ordezkapenik ere onartuko; asteko lanaldia 35 orduetatik 37,5era igotzea proposatzen da, baina neurri hori Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalek hartuko duten erabakien zain dago; errelebo kontratuak bertan behera utziko dira, eta gaixotasun arrunten konpentsazioa ere ez da osorik emango aurrerantzean. Hori guztia «zerbitzu publikoen ahultzearen isla» dela esan du Arrondok.
Madrilgo gobernuari, eta Eusko Jaurlaritzari neurri horiek guztiak alboratzeko eskaera egin diote ELA, LAB eta EILASek. Era berean, Jaurlaritza, foru aldundiei eta udalei neurri horiei «bizkarra» emateko eskatu die, eta dei zuzena egin: negoziazio esparruan defentsa egin dezatela, «Madrilen hartzen diren erabakien menpe egon beharrean», Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako idazkari nagusiaren hitzetan.
Hiru erakundeei bestelako politika publikoak hartzeko proposamena egin die, «krisiari aurre egiteko funtsezkoak izango direnak». Besteak beste, soldata murrizketak alboratzea, lan baldintzak eta eskubideak berrezartzea, eta enplegu eta zerbitzu publikoak sustatzeko neurriak hartzeko eskatu diete.
Foru eta udal langileak ere mobilizatu nahi dituzte
Gehiengo sindikalak manifestaziora deitu ditu behargin publikoak hilaren 26an, eta lanuztera otsailaren 9an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu