Erosketa azkarra, informazio eskasa. Hala ondorioztatu dute Frantziako kontsumo agintariek Sheini ezarritako azken zigorrean, eta 22,4 milioi euroko isuna jarri diote. Izan ere, Kontsumoaren eta Iruzurraren Aurkako Zuzendaritza Nagusiak (DGCCRF) ondorioztatu du Txinako merkataritza elektronikoko erraldoi horrek ez zituela betetzen erosketa prozesuan nahitaezkoak diren gardentasun baldintzak.
Batetik, 16,7 milioi euroko isun bat jarri dio, erosketa berresteko mezuetan ez delako beharrezko informazioa agertzen: saltzailearen identitatea, prezio osoa edo entrega epeak, besteak beste. Horrekin batera, 5,7 milioi euroko beste zigor bat ere ezarri dio, itzulketei buruzko informazioan eta produktu batzuen ingurumen datuetan dauden hutsuneengatik.
Ikusi gehiago
Oso denbora gutxian Sheini Frantzian jarri dioten hirugarren zigorra izan da. Iaz, 40 milioi euroko isun bat ezarri zioten iruzur praktikekin lotutako ikerketa baten ondoren. Handik gutxira, CNIL datuen babeserako agentziak 150 milioi euroko beste zigor bat jarri zion, cookieen erabilerari buruzko araudia urratzeagatik. Enpresak iragarri zuen helegiteak jarriko zituela.
Frantziako agintariek, funtsean, Sheinen merkataritza eredua jarri dute jopuntuan: azken zigorrean nabarmendu dutenez, kostuak ahalik eta gehien murrizteko logikak kontsumitzaileen babesa eta gardentasun irizpideak urratzen ditu.
Bruselak ere ikertuko du
Frantziak ez ezik, Europako Batzordeak ere aspaldidanik dauzka begiz jota Txinako merkataritza elektronikoaren erraldoiak, eta azken hilabeteetan zenbait ikerketa abiatu ditu Sheinen eta Temuren aurka, 2022tik indarrean den Zerbitzu Digitalen Araudian oinarrituta.
Aurreko astean, Temuri 200 milioi euroko isuna jarri zion, haurrentzako jostailu eta kargagailu «arriskutsuak» saltzeagatik.
Sheinen ikerketa otsailean abiatu zuen, arreta bi arlotan jarrita: legez kanpoko produktuen salmenta posiblean eta haren webgunearen diseinuak erabiltzaileengan, bereziki gazteengan sor dezakeen mendekotasunean.
Ikerketa hori 2024an Frantzian piztutako polemika baten ondoren abiatu zuen. Orduan jakin zen plataforma hori erabiltzen duten zenbaitek neskato adingabeen itxura duten panpina sexualak eta armak saldu zituztela herrialdean. Gertakariak protesta ugari sortu zituen, eta Frantziako Gobernuak webgunea blokeatzeko mehatxua egin zuen. Gero atzera egin bazuen ere, Bruselak heldu zion gaiari.