Greziaren eta eurogunearen arteko negoziazio amaigabeak akordio batekin bukatzeko aukerak zabaltzen ari dira. François Hollande Frantziako presidenteak eta Matteo Renzi Italiako lehen ministroak ontzat jo dute Tsiprasek atzo gauean euroguneari igorritako proposamena. "Iraganean baino baikorrago nago. Agian ez dugu berriro igandean elkar ikusi beharko. Horrek esan nahi du Greziari buruzko akordioa agian larunbatean bertan lor dezaketela Finantza ministroek", adierazi du Renzik. "Plana serio eta sinesgarria da", esan du Hollandek.
Esanguratsua da, ordea, Alemaniaren isiltasuna. Steffan Seibert Berlingo gobernuko bozeramaileak ez du iritzia eman nahi izan, eta txintik ez dute esan Angela Merkelek eta haren Finantza ministro Wolfgang Schaeublek. Zalantza gehiago adierazi dituzte, berriz, Lituaniako presidente Dalia Grybauskaitek eta Eslovakiako Finantza ministro Peter Kazimirrek.
Euroguneko Finantza ministroak (Eurotaldea) 15:00etan elkartuko dira, troikaren —EBZ, EB eta NDF— azterketa teknikoa eskuetan dutela. Ezezkoa badago, egoera bideratzeko azken saioa egingo dute igandean euroguneko gobernuburuek eta horrek huts egiten badu, Grexit-erako prestatuko dira. Baiezkoa ematekotan, ez behin-betiko akordiorik izango, egun gutxiren buruan amaitu beharreko negoziazioen hasiera baizik. Pentsatzekoa denez, negoziazio horiek uztailaren 20a baino lehen amaitu beharko dute, egun horretan Atenasek 3.500 milioi euro itzuli behar dizkiolako Europako Banku Zentralari.
Eztabaida Greziako Parlamentuan
Asteazkenean egin zion Tsiprasek hiru urterako programa baten eskaera ofiziala ESM erreskate funtsari, eta atzo gauean bidali zuen diru horren truke indarrean jarri nahi duen neurri sorta.
Euklides Tsakalotos Finantza ministroak Frantziako Gobernuaren laguntza izan du proposamenak lantzeko. Frantziarren bitartekaritzarekin ziurtatu nahi du Greziako Gobernuak euroguneko beste kideek erantzun ona ematea, bi aldeen arteko mesfidantza asko handitu baita azken asteotan eta batez ere Tsiprasek erreferendumera jo zuenetik.
Oraingoan serio dihoala erakustearren, neurriak lehenbailehen parlamentura eramatea erabaki du Tsiprasek. Bihar goizaldean bozkatuko dute, eztabaida luze baten ondoren. Ikusteko dago lehen ministroak Syrizaren babes osoa jasoko ote duen, sektore ezkertiarrarenak uste baitu proposamenak alderdiaren "marra gorri asko" gainditu dituela. Atzo kritikak egin zizkion planari sektore horretako buruak, Panagiotis Lafazanis Energia ministroak, eta gaur berriz egin du. Ez du, ordea, zer boto emango duen aurreratu nahi izan. Iluntzean, haren sektoreak, Ezkerreko Plataformak, babesa adierazi dio Tsiprasi. Haietako bostek, ordea, iragarri zuten egunean zehar ez zutela aldeko botorik emango.
Edonola ere, haien babesik gabe ere neurriek aurrera egingo dute, erreferendumean porrot argia jaso ondoren oposizioko hiru alderdi nagusiek —ND kontserbadorea, To Potami zentrista eta Pasok sozialdemokrata— Tsiprasi laguntzea erabaki baitute Grezia eurogunean gera dadin. «Bidezko akordioa» lortuz gero, NDren babesa izango duela baieztatu du alderdi horretako jarduneko buruak, Vangelis Meimarakisek.
Zorraren barkamena
Zorraren barkamenari dagokionez, ESM funtsari egindako eskaeran aipatu zuen Tsiprasek gai horri buruz hitz egin nahi zuelako. Urritik aurrera izango duela aukera esan diote Greziako lehen ministroari. Horrek aukera emango die Alemaniari eta harekin batera Greziarekin gogor jokatu nahi dutenei —Herbehereak, Eslovakia, Lituania, Letonia...— erreformak aurrera doazela saldu ahal izateko eta, hortaz, zorraren zamari buruz hitz egiteko.
Zorraren barkamenari buruz gero eta garbiago ari dira hitz egiten EBko lider asko. Atzo Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea orain arte baino garbiago mintzatu zen: «Greziaren proposamen errealistari zorraren jasangarritasunari buruzko beste proposamen errealista batekin erantzun behar zaio. Horrela ez bada, azken bost hilabeteotan dantzatu dugun dantza letargikoarekin jarrituko dugu».
Alemaniak aldi berean bai eta ez erantzun dio. Ez zorraren «barkamen klasiko bati», Angela Merkel kantzilerraren hitzetan. «Hori ez da posible Europako Batasuneko barne arauekin», zehaztu du haren Finantza ministroak, Wolfgang Schaeublek. Baina bai, berriz, zorra hori arintzeko neurriei, hau da, interesak gehiago jaistea eta ordaintzeko epeak gehiago luzatzea. Dagoeneko egin zuten hori 2012an, eta horri esker Greziak interesetan Alemaniak bezainbeste pagatu behar du, eta Portugalek, Espainiak eta besteek baino gutxiago.
Nazioarteko Diru Funtsak ere eskatu du Greziari zorraren zati bat barkatzeko, eta kopuru bat jarri du: 55.000 milioi, 2010ko lehen erreskatean jaso zuena. Hori bai, Greziak harekin duen zorraren zatia (32.000 milioi euro) barkatzeko inolako asmorik ez duela gogorarazi du gaur Olivier Blanchard NDFko ekonomista buruak, beste herrialde pobreago batzuek ez dielako halako traturik eman.