Petrolioak eta lehengaiek Frantziako eta Ipar Euskal Herriko pentsioak igoaraziko dituzte. Petrolioaren eta lehengaien garestitzearen ondorioz, Frantziako Ekonomia Batzordeak aldatu egin du aurten espero duen inflazioa, eta, ondorioz, baita pentsioen ordaina ere. Inflazioaren prebisioa %1,5etik %1,8ra igo du (tabakoaren prezioa aintzat hartu gabe). Horri gehitu behar zaio iazko inflazioa espero baino handiagoa izana: Frantziako Gobernuak %1,2koa espero zuen, baina %1,5ekoa izan zen. Alegia, hiru hamarreneko aldea iaz eta hiru hamarrenekoa aurten. Beraz, pentsioak egokitu eta sei hamarren gehiago igoko ditu, %1,5etik %2,1era, apiriletik aurrera. Hala iragarri zuen atzo Christine Lagarde Ekonomia ministroak.
Gutxieneko pentsioak ere igoko dituzte, %4,7 apirilaren 1etik aurrera. Xavier Bertrand Lan ministroaren esanetan, %25 igoko dituzte bost urtean. Gutxieneko pentsioa kobratzen dute pentsiorik ez duten erretiratuek eta pentsioa jasotzeko behar adina urte kotizatu ez dutenek. Iazko apiriletik banakoentzat hilean 709 eurokoa da gutxieneko pentsioa, eta bikoteentzat 1.157 eurokoa.
Frantziako Ekonomia Batzordean parte hartzen dute gobernuak eta sindikatuetako eta zenbait erakundetako ordezkariek. Atzo egin zuten bilera, ekonomiaren egoeraz eta pentsioen igoeraz eztabaidatzeko.
Pentsio sistema pribatuen kasuan uztailaren 1ean erabakiko dute inflaziora egokitzeko igoera zenbatekoa izango den.
Frantziak pentsioak %2,1 igoko ditu, inflazioarekin parekatzeko
Iazko prezioen igoera espero baino handiagoa izan zen, eta aurtengoa ere hala izango dela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu