Finantzak

Frantziak zerga paradisuen zerrenda propioa egingo du

'Cahuzac aferak' ustelkeriaren eta banku sekretuen aurkako neurriak iragartzera behartu du François Hollande Frantziako presidentea. 

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 10a
21:13
Entzun

Apirilaren 24ko Ministroen Kontseiluan onartuko ditu Frantziako Gobernuak "bizitza politikoa moralizatzeko" zenbait neurri. Hiru ildokoak izango direla iragarri du goiz honetan Hollandek. Batetik, zerga paradisuei gerra deklaratu nahi die Frantziak. Horretarako, Frantziak zerga paradisuen zerrenda bat egingo du, eta urtero berritu. Zerrenda horretan izango dira Frantziari bankuetako kontuei buruzko informazioa ematen ez dioten herrialde guztiak.

Banku sekretuaren aurkako neurriak eskatu dizkiote Europako Batzordeari Europako Batasuneko bost estatu handienek (Alemania, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Espainia). EBren barruan bertan badira zenbait herrialde banku sekretua oso estuki gordetzen dutenak, Luxenburgo eta Austria batez ere. Presioaren aurrean, bi herrialdeetako gobernuek iragarri dute prest daudela zenbait kasutan informazio gehiago partekatzeko.

Frantziako bankuek munduan zehar dituzten filial eta adar "guzti-guztien" berri eman beharko dute.

Hollandek aurreratu duen beste neurri bat fiskaltza berezi baten sorrera da, ustelkeria eta iruzur fiskalaren kasuak ikertzeko. Bi delitu horietarako zigorrak ere handitu nahi ditu Frantziako Gobernuak.

Cahuzacen auziak buruzagi politikoen zintzotasunari buruzko zalantzak asko hedatu dituenez, parlamentariek, ministroek eta arduradun politiko nagusiek beren ondasunen berri eman beharko dute, orain baino era gardenago batean. Agintaritza berri bat arduratuko da ondare horiek kontrolatzeaz. 

Jerome Cahuzac Aurrekontuetako ministro izandakoak joan den astean onartu zuen Suitzan dirua ezkutatu zuela. Kasuak kalte handia egiten dio Hollanderi, hainbat hilabetez ontzat eman zuelako bere ministroaren gezurtatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.