Frantziako erretreten erreforma behin-behinean ezeztatzea bozkatu berri dute

Frantziako Asanblea Nazionalean bozkatu berri dute: 255 boz izan dira ezeztatzearen alde, eta 146 kontra. Alderdi Sozialistak garaipentzat jo du, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, bozketaren faltsukeria salatu, erreforma «gibelatu besterik ez» baita egin.

Sebastien Lecornu, Asanblea Nazionalean, artxiboko argazki batean. YOAN VALAT / EFE
Sebastien Lecornu, Asanblea Nazionalean, artxiboko argazki batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko azaroaren 12a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean. Zer-eta jaka horien garaiaz gero Frantzian sortu ziren mobilizaziorik jendetsuenek oztopatzea lortu ez zuten erretreten erreforma indargabetzea bozkatu berri dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Kasu, haatik: behin-behineko ezeztapena besterik ez da, 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeak iritsi artekoa. 255 diputatuk erreformaren gibelatzearen alde bozkatu dute —Ipar Euskal Herriko hirurak barne—, eta 146k kontra; 104 abstenitu dira. Alderdi Sozialistak «garaipen garrantzitsutzat» jo du, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, «ohoinkeria» salatu.

Erreformarekin lotua zen Sebastien Lecornu Frantziako Lehen ministroa postuan egoteko baldintza, haren kontra zegoen zentsura mozioaren harira: erreforma ezeztatua izatea. Emmanuel Macron presidenteak beste xantza bat eman berri zion Lecornuri, eta galdegin ahalegin guziak egin zitzala zentsuraren saihesteko. Hala, sozialistei erreformaren ezeztatzea onartu zien Lecornuk urriaren 14an. Baina Macronek, hitza hartu, eta azaldu zuen ezeztapen hori «atzerapen bat» besterik ez zela, egiazki. Hain zuzen, Intsumisoek horregatik bozkatu dute gaur erreformaren indargabetzearen kontra, «gibelapen bat besterik ez» bailitzateke. Funtsean, hala izanen da, gaur bozkatu dutenaren arabera 2028ko urtarrilera gibelatzen baita erretreten erreformaren etorkizunaren ondoko urratsa.

Peio Dufau seigarren hautesbarrutiko diputatua Asanblean zegoen bozkatzeko, eta, sozialisten taldeari lotua izanik ere hemizikloan, bere sareetan atsedenaldiaren eta garaipenaren arteko ñabardura zehaztu du: «Bigarrena soilik iritsiko da baldin eta 2027an gehiengo batek behin betiko indargabetzen badu [erreforma]».

Anartean, CGT sindikatuak  abenduaren 2an mobilizatzera deitu du Frantzia osoan, 2026ko buxetaren azken bozketan «presio» egiteko gisan.

Karrera luzeak barne

2023ko erretreten erreformak —[Elisabeth] Borne erreforma ere deitua— bi parametro nagusi aldatu zizkien langileek erretreta eskuratzeko baldintzei: batetik, erretreta hartu ahal izateko adina 62 urtetik 64 urtera iragan zen, eta, bestetik, lan egin beharreko urteak 42tik 43ra —hots, 172 hiruhilekora—. Erreformaren behin-behineko etetean ezarritakoaren arabera, erretreta eskuratzeko baldintzak berriz aldatuko dira.

Legezko adinari dagokionez, lehenik: 1964an sortutakoek 62 urte eta 9 hilabetetan hartzen ahalko dute erretreta, 63 urtetan hartu ordez; 1965eko lehen hiruhilekoan sortutakoei ere egokitzen zaie denbora hori. Ondoko belaunaldiei dagokienez, legezko adina hiruhileko batez gibelatua da: 1965eko bigarren hiruhilekotik aitzina sortutakoek 63 urterekin hartzen ahalko dute erretreta, 63 urte eta hiru hilabeterekin hartu ordez; 1966an sortutakoek 63 urte eta hiru hilabeterekin, eta abar. 1969ko belaunaldia izanen da 64 urteko legezko erretreta adinaren helburua lortzen lehena.

Hiruhilekoei dagokienez, 1963an sortutakoek 42 urte eta 6 hilabete lan egin beharko dituzte, hots, 170 hiruhileko. 2023ko erreformaren arabera, erretretan sartu ahal izateko hiruhileko kopurua hiru hilabetez luzatu behar zen denendako, baina Lecornuk hori eten du behin-behineko erreformaren bitartez: 1964ko belaunaldiak, beraz, 170 hiruhileko eman beharko ditu, 1963koak bezala. Kopurua 171 hiruhilekora iraganen da 1965ean sortutakoentzat, eta 1966an sortutakoak izanen dira 172 hiruhileko kotizatu beharko dituzten lehenak, hau da, Borne erreformak ezartzen zituen 43 urteak, erretreta tasa osoan eskuratu ahal izateko.

2027ko hauteskundeetan hautatuko den lehendakariaren gobernuari egokituko zaio, gero, etorkizuneko erreforma trenkatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.