Frantziako postariek greba egin dute «pribatizazioaren» aurka

Gobernuak La Poste elkarte anonimo bilakatu nahi du, eta haren kapitalaren zati bat salgai jarri

Erredakzioa
2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko eta Frantziako milaka postarik greba egin zuten atzo, La Posteren estatutu aldaketaren eta pribatizazio partzialaren aurka protesta egiteko.Ohikoa denez, grebaren jarraipenaren inguruan datu desberdinak eman dituzte La Posteko zuzendaritzak eta sindikatuek. Lehengoaren arabera, langileen %24,7k egin zioten uko lan egiteari, eta sindikatuen arabera, %40k.

Kopurua bata edo bestea izanda ere, nahiko argi dago La Posteren pribatizazio partziala ez dela oposiziorik gabe aurrera aterako. «Zalantzarik gabe, mobilizazioa oso indartsua izan da. Parte-hartzea inoiz lanbide honetan izandako handienetakoa da», azaldu zuen Bernard Thibault CGT sindikatuko buruak Parisko manifestazioan. Hiru mila lagunek hartu zuten parte protestaldi horretan. Han zen Olivier Besancenot LCRko buruzagia ere, postaria baita lanbidez. «Enpresaren pribatizazioaren aurka buru-belarri arituko garela esateko gaude hemen».

Frantziako Gobernuak abuztuaren amaieran onartutako legegaiaren arabera, La Postek Estatuaren menpeko enpresa izatetik enpresa anonimo arrunta izatera igaro beharko luke 2010erako. Urtebeteren buruan, gainera, kapital handitzea egingo luke, eta lekua egingo lieke akziodun pribatuei.

Gobernuak eta La Postek argudiatzen dutenez, kapital handitzea ezinbestekoa da 2011ko erronkari aurre egiteko. Urte horretan, Europako Batasunak behartuta, posta zerbitzua erabat liberalizatuko da Frantzian eta beste herrialdeetan. Horrek esan nahi du eskutitz txikiena garraiatzeko ere lehiakideak izango dituela La Postek.

Enpresa publikoaren kontuak egoera onenan daude gaur egun, baina zuzendaritzak uste du gutxienez 2.500 milioi euro inbertitu beharko dituela atzerriko enpresa handiekin lehiatu nahi badu, eta berak ere atzerriko enpresak erosi beharko dituela.

Estatutu aldaketaren aurkakoen arabera, berriz, zati baten salerosketak arriskuan jarriko du zerbitzu publikoa. Errentagarritasunaren izenean, herri txikietako zerbitzua alde batera geratuko da eta milaka postarik lanpostua galduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.