Frantziako lehen ministro Jean Castexek bere gobernuak ekonomia suspertzeko duen planaren zantzu batzuek eman ditu gaur France Inter irratian egindako elkarrizketan. Hasieran, gobernuak atzo eman behar zuen 100.000 milioi euroko plan horren berri, baina igandean atzeratu egin zuten aurkezpena. Castexen arabera, gobernuak nahiago izan du aurrena «frantziarrak lasaitu, osasun egoeraren kudeaketari dagokionez». Esan du ekonomiari bultzada emateko plana, azkenean, irailaren 3an aurkeztuko dutela.
Azaldu du, halaber, 100.000 milioi euroko diru injekzioa ekarriko duten neurri ekonomikoak izango direla, baina ez dela zergarik igoko horiek ordaintzeko. «Europatik etorriko dira 40.000 milioi euro», gaineratu du, Batasunean mutualizatutako zorretik. «Europak lan egiten duenean ere esan egin behar da». Castexen aburuz, «ez da finantza kontua soilik, Europaren berritzea ere bada».
Kultura sektorerako izango dira diru horietatik 2.000 milioi euro. Lehen ministroren arabera, «sektore horrek asko sufritu du krisiaren erruz». Castexek deia egin die herritarrei atzera zinemara eta antzokietara joateko, «ez duzue ezer arriskatzen». Gaineratu du gaurtik derrigorrezkoa dela maskara jartzea antzokietan eta zinema aretoetan.