Beti bigarren gelditzearen ajeak Euskal Herriko Itzulian Freire liderrak pairatu ditu, eta, burtsan, Ibex-35i (+%0,28) eta BBVAri (+%3,04) gertatzen (ari) zaie. 11.200 puntuen langarekin tupust egiten du nonahi batak, Santander (+%0,34) erraldoiaren arrakastarekin besteak. Indizeak atzo 31 puntu irabazi bazituen, 34 gehitu zizkion San Nikolas plazako bankuak; %7 pasa egin du gora azken hiru saioetan, baina, hala ere, erraldoia Santander da eta izango da. Gamesak (+%7,89) kurrinka latzak egin zituen atzoko etapan; izan gaur Parisen Spanish mid-cap event delako jardunaldietan inbertitzaile handien aurrean agertzekoa delako, izan Vestas lehiakide daniarrak eskari zorroa nabarmen gizendu duelako. Bigarren ez, baizik galtzaile Inditex (-%2,46), FCC (-%1,43) eta Edurnezuri (-%0,73) agertu ziren. 2.339 milioiren salerosketa errepideratu zen atzo. Eta gaur Trichetek zer esango zain egongo dira tropela eta ehiztariak.
Nafarroako Kutxa Banca Civica sortzera doa, Espainiako Caja Canarias eta Caja Burgos bazkide hartuta. 2013rako mozkina ia hirukoiztea espero dute: iaz hiruren artean irabazitako 202 milioiak (BBK-k baino gutxiago) 565 milioi bihurtuz. Kutxen ezinbesteko birmoldatzean bide propioa jorratuko du Sanz presidente duen kutxak. Espainiako IEE ikerketa guneko Juan Iranzok «banku txar» bat sortzea proposatu du, Espainiako finantza erakundeek dituzten 100.000 etxebizitzen salmenta merkatzeekin bideratzeko. Dioenez, 5.000 milioiren galerak izango dituzte aurten kutxek.
Freire aurpegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu