Energia

Funts bat argindar gehien kontsumitzen duten industrientzat

Espainiako Gobernuak 600 milioi euroko berme funts bat sortu du industria elektrointentsiboari laguntzeko epe luzerako argindar kontratuak sina ditzan, eta aldi berean iturri berriztagarriak sustatzeko. Hego Euskal Herrian 58 industria elektrointentsibo daude. 

Bizkaiko Sidenor argindar kontsumitzaile handia da. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 26a
14:46
Entzun

Iturri berriztagarrietako argindarrez hornitzeko kontratuak gutxi dira elektrizitate asko kontsumitzen duen industrian. Argindarraren salneurri txikiagoaren bila, epe luzerako kontratuak aukera bat izaten dira kontsumitzaileentzat; baina hornikuntzarako baldintza eta berme oso handiak behar dituzte industria elektrointentsiboek, eta, orain artean, sortzaile eta merkaturatzaile berriztagarriek zailtasunak izan dituzte horiek eskaintzeko Hego Euskal Herrian eta Espainian. Hegoaldean 58 industria elektrointentsibo daude.

Hain zuzen, epe luzerako kontratu horiek bultzatu eta industriari laguntzeko tresna bat onartu du gaurko Ministroen Kontseiluak. Bermerako erreserba funts bat izango da, 600 milioi euro izango dituena hurrengo hiru urteetan. Berme horiek baliatu ahal izateko, Industriek urtean kontsumitzen duten argindarraren %10ek iturri berriztagarrietakoa izan beharko du, bost urtetik gorakoak izan behar duten kontratuen bitartez.

Iturri berriztagarrien erabilera sustatzeaz harago, funts horren helburu nagusia da argindar kontsumitzaile handi horien energia kostuak murriztea. Eta beste urrats bat izan daiteke Kontsumitzaile Elektrointentsiboaren Estatuturako. Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak gaur esan du «datozen asteetan» onartuko dela estatutu hori. Bazidurien joan den otsailean kontua bideratuta zegoela, baina, orain, industriaren ordezkariek zenbait baldintza aldatzeko beharra ikusi dute.

Europako lehiakideen aldean argindarra dezente garestiago ordaintzen duten industrien lehiakortasuna hobetzera etorriko litzatekeen estatutua eta horretarako beste bi tresna ere aurreikusten zituen Industria Ministerioak joan den otsaileko zirriborroan. Laguntza nagusia %85eko hobaria da, haien argindar fakturaren kargu jakin batzuetan, zeinak finantzatzera doazen berriztagarrien kostuak, efizientzia handiko kogenerazioa, eta penintsulaz kanpoko aparteko kostuak.

CO2aren zeharkako kostuak konpentsatzen jarraitzea ere jasotzen zuen zirriborroak. Hor, kontsumitzaileen ordezkariek 275 milioi euroko gehieneko konpentsazioa nahi dutela argitaratu zuen El Periódico de la Energía-k. Industriek nahi lukete, era berean, hornikuntza etenduretarako zerbitzuak jarraitzea 2020an, eta 2.000 megawatten enkantea egitea urtearen bigarren erdirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.