Gaixoaldi laburren aurkako kanpaina hasi nahi du aurten Eusko Jaurlaritzak. Gaitz arrunta duten funtzionarioek ordainaren erdia baino ez dute jasoko gaixoaldiaren lehen hiru egunetan, eta berriro gaixotzen badira, are gutxiago izango da. Dirua aurrezteko neurri gisa aurkeztu badute ere, funtzio publikoan dagoen absentismo tasa «jasanezina» borrokatzeko erabakia ere badela aitortu du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio sailburuak.
2012. urterako aurrekontuen tramitazioan funtzionarioen soldatak ez zuela hazkunderik izango finkatu zuen Patxi Lopezen gobernuak, baina, hortik aparte, langile publikoen baldintzetan aldaketak gertatuko zirela iragarri zuen. Atzo, neurri horiek onartu eta jakinarazi zituen Gobernu Kontseiluak.
Berritasun nagusia gaixoaldietan ematen diren osagarriak izango dira. Legearen arabera gaixoaldiaren lehen hiru egunetan ez daudela ezer ordaintzera derrigortuta nabarmendu nahi izan zuen Mendiak kontseiluaren ondoren. Haatik, orain dela urte asko soldata osoa lehen egunetik kobratzeko eskubidea aitortu zitzaien langile publikoei, eta hala egiten da sektore pribatuko enpresa askotan ere.
Urteko lehen gaixoaldiko lehen hiru egunetan soldataren erdia kobratuko dute funtzionarioek. Bigarren gaixoaldia bada, %40 eskuratuko dute. Hiru alditan edo gehiagotan gaitzen bat harrapatuz gero, ez zaizkie lehen egun horiek ordainduko. Laugarren egunetik hogeigarren egunera %75 jasoko dute gaixoek, Gizarte Segurantzaren legediak ezartzen duena baino %15 gehiago.
Gaixoaldiko hogeigarren egunetik aurrera lansariaren %75 ordaintzea aurreikusten du legeak. Puntu horretan bi multzo banatu ditu Patxi Lopezen gobernuak. Hala, 44. egunera bitartean soldataren %85 arte osatuko du, eta, 45. egunetik aurrera, kotizazio oinarrietan agertzen den ordain osoa emango die gaixoei.
Eusko Jaurlaritzaren erabakiak zenbait salbuespen ditu, hala ere. Gaixotasun profesionalak edo lan istripuak dituzten langileek lehen egunetik soldata osoa kobratzen jarraitu dute, legeak agintzen duen gisara. Amatasuna, aitatasuna, haurdunaldietako arriskuak, haurren edoskitzaroko arriskuak, ospitalizazioak eta ebakuntzak ere murrizketatik kanpo geratuko dira.
Gaixoaldietako osagarrietan artaziak sartzeak sutan jarri ditu sindikatuak. Neurriei buruz egindako negoziazioetan gobernuari argi utzi zioten onartezina iruditzen zitzaiela, eta mahaia ere utzi zuten. Mendia sailburuaren ustez, «mailakatua» da azkenean hartu duten erabakia, eta gogorarazi zuen hasierako asmoa gaixoaldietan soilik legeak agindutakoa ordaintzeazela.
Saririk ez erretiratzeagatik
Beste neurri batzuk ere onartu zituen atzo Jaurlaritzak. Esaterako, txanda kontratuak bakarrik ezohiko egoeretan egin ahalko dira. Poltsikoan eragina izan dezakeen beste neurri bat erretiro aurreratua hartzeagatik ematen zen saria desagertzea izango da. 60 eta 64 urte bitartean erretiroa hartzen zuten funtzionarioek 6 eta 21 hilabete bitarteko soldataren pareko ordaina jasotzen zuten. Halaber, 65 urte bete ondoren lanaldia luzatzeko aukera kenduko zaie langile publikoei.
Erabaki «iragankorrak» direla zehaztu zuen Mendiak, hasiera batean soilik 2012an indarrean egongo direnak. Guztiak batuta Jaurlaritzaren gastuetatik 95 milioi euro aurreztuko direla kalkulatu dute.
Gobernuak joan den azarotik esku artean zituen neurriak dira, eta baliteke funtzio publikoan hartuko diren azkenak ez izatea. Espainiako Gobernuak joan den abenduaren 30ean zenbait erabaki hartu zituen, eta EAEn ezartzea ezinbestekoa den edo ez argitzeko txosten juridikoa ari dira prestatzen Ekonomia eta Herri Administrazio departamentuak.
Asteko lanaldia bi ordu eta erdi luzatzea — 37,5 lan ordura — erabaki du, besteak beste, Raxoiren gobernuak. Patxi Lopez lehendakariak baztertu du asteon Jaurlaritzako langileei lanaldia luzatzeko aukera. Atzo, aldiz, zuhurrago aritu zen Mendia, eta ez zion atea erabat itxi aukerari, derrigorrezkoa ez balitz ere. Gaur egun, 35 lanorduko astea dute funtzionarioek, 1.592 ordu urtean.
Sindikatuak, haserre
Funtzionarioen lan baldintzei egindako murrizketek sindikatuen ezezko borobila jaso dute. Haserrearen tamaina argi utzi nahi izan du administrazioko sindikatu nagusiak, ELAk: «Jaurlaritzan inork euskal langileen eskubideei inoiz egindako erasorik handiena da». Murrizketa horiekin langile publikoak «zigortzea» nahi izan dutela uste du. LABentzat, «langileen lorpenak baliogabetu nahi dituzte, langileen kontura dirua lortzeko».
Datorren otsailaren 9rako lau orduko lanuztera deitu dute ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, administrazioan onartutako murrizketen aurka. Atzo protesta egin zuten.
Gaixoaldi laburretan soldata erdia jasoko dute funtzionarioek
Jaurlaritzan inork inoiz egindako «erasorik handiena» dira murrizketak, ELAren ustez; 95 milioi aurreztu nahi ditu gobernuakLangile publikoei lanaldia luzatu behar dien edo ez argitzeko, txosten juridikoa eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu